Larunbat honetan jokatuko da Lau eta erdiko II Intxaur txapelketa Abeletxe Sariako final handia

Ataria 2022ko abuztuaren 2a

22 urtez azpikoen mailan, Altuna eta Amiano lehiatuko dira. Elite mailan, berriz, Fernandez eta Elola. Eta emakumeen artean, Garai eta Ruiz de Infante pilotariek lortu dute finalerako txartela.

Goi mailako pilotari gazteen jardunaz bertatik bertara gozatzeko aukera izango dute larunbatean Intxaur pilotalekura gerturatzen diren herritarrek. Izan ere, 19:00etatik aurrera Lau eta erdiko II Intxaur txapelketa Abeletxe Sariako final handia jokatuko da. Uztailaren 15ean jarri zen martxan txapelketa, final laurdenekin. Aurten, gainera, aurretiazko partidak ere jokatu ziren, txapelketan zein jokalarik parte hartuko zuen erabakitzeko. Maila handiko pilotariak aritu dira aurtengo txapelketan eta, azkenean, larunbatean aurrez aurre lehian ariko dira orain arteko emaitzarik onenak bildu dituztenak.

22 urtez azpikoen mailan, Aurrera Tolosako kide diren Altuna eta Amiano arituko dira nor baino nor. Elite mailan, Fernandez errioxarra eta Aurrera Tolosako Elola lehiatuko dira. Eta emakumeen artean, Garai (Zaramaga) eta Ruiz de Infante (Txumulutxueta) pilotariek lortu dute finalerako txartela.

Horretarako, 3 euroko sarrera eskuratu beharko da aurrez, Iriarte jatetxean edo Zizurkilgo Udal bulegoetan. 16 urtetik beherakoek sarrera doan izango dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!