Bi urteren ondoren bueltan dira jaiak, eta, nola ez, Zizurkilen ere ez dute urtea alferrik pasatzen utzi nahi. Abuztuaren 12tik 15era ospatuko dituzte herriko festak.
Azken festetan, 2019an, antolatu zen «arrakastaz» lehen aldiz kuadrillen eguna eta herri bazkaria; Igotz Alkorta festa batzordeko kideak esan duenez, aurten ere «arrakasta errepikatzea» espero dute. «Egun berezia izaten da, kuadrilla edo lagun taldeen artean antolatzen dugulako eguna sorreratik, eta kuadrilla bakoitzak zeregin bat izaten duelako: jokoak antolatu, mahaiak jarri, platerak zerbitzatu, bingoa prestatu... elkarlanean egiten dugun eguna da».
Bestalde, festen barruan pisu handia duen ekitaldia izaten da bertso saioa. Aurten, gainera, 20 urtetan aritu eta gero, gaiak ez ditu Igotz Alkortak jarriko, eta bere lekua Haritz Mujikak hartuko du. «Berak hainbeste urtez hain ondo eginik, bada ardura bere lekua hartzea, eta are gehiago Zizurkilgo plaza izanda, udako bertso saio nagusienetako bat delako, eta bertsolari seikotea ere ez delako nolanahikoa», dio Mujikak. «Igotzek esan zidan ordea, konfiantza osoa zuela nigan. Saioa iritsi aurretik berarekin zenbait gauza komentatzeko asmoa daukat, beraz, bere oniritzia izanda, lasaiago joango naiz saiora». Bertso jaialdia abuztuaren 15ean izango da, 23:00etan, Zizurkilgo frontoian.