Erabaki dira finalerdietarako lehen sailkatuak

Ataria 2022ko uztailaren 21a

Lehen edizioko finalerdietako partida, iaz.

Pasa den asteburuan jokatu ziren Zizurkilgo II. Intxaur Txapelketako lehen final-laurdenak. Eta asteburu honetan jokatuko diren partidetan zehaztuko da finalerdietan izango diren pilotarien zerrenda.

Ostiralean, Miriam Arrillaga eta Nora Mendizabalen artekoak zabaldu zuen aurtengo edizioa. Arrillagak irabazi zuen, 22-17ko emaitzarekin. 22 urtez azpikoetan, Iker Egiguren eta Ander Etxaniz aritu ziren. 22-16ko emaitzarekin, Egigurenek lortu zuen finalerdietarako txartela. Elite mailan berriz, Jorge Fernandez eta Unai Astiz kantxaratu ziren. Fernandezek irabazi zuen, 22-18.

Hurrengo egunean, larunbatean, beste hiru partida ikusteko aukera izan zen Intxaur pilotalekuan. Ander Perurena zizurkildarra eta Sergio Gutierrez errioxarra izan ziren lehenak kantxan. Zizurkildarrak garaipen lehiatua lortu zuen, 22-12 irabaziz. Emakumezkoetan, Ainhoa Ruiz de Infante eta Irati Zabalaren arteko lehia 22-17 amaitu zen, Ruiz de Infanteren alde. Eta azkenik, Julen Alberdi zizurkildarra eta Jon Urbieta asteasuarraren arteko partida jokatu zen. Zizurkildarrak 22-10eko emaitzarekin lortu zuen garaipena.

Hurrengo partidak

Ostiral honetan beste hiru partida jokatuko dira: Amiano Ariztegiren aurka, Itsaso Erasun eta Garai aurrez aurre, eta azken partida Jon Erasun eta Muruaren artekoa izango da. Larunbateko partidekin erabakiko dira finalerdiak. Altunak Odriozola izango du aurrean, Zabaletak Etxegarai, eta Elolak Mendizabal. Finalaurrekoak uztailaren 29an eta 30ean izango dira, eta finala abuztuaren 6an.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!