Eskertuta daude Maria Moliner saria bigarrengoz jaso ondoren

Ataria 2022ko uztailaren 19a

Aiztondoko Plazida Otañok 2.777 euro jaso ditu liburuetan gastatzeko. Irakurzaletasuna bultzatzeko prestatu duten 'Plazida, oihartzunaren plaza' proiektuagatik jaso dute aipamena.

Maria Moliner sariak Espainiako Kultura eta Kirola Ministerioak banatzen ditu urtero, 50.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietako liburutegien artean. Irakurketa sustatzen egindako lana aitortzen dute sariarekin eta 300 aipamen inguru banatzen dituzte. Aiztondoko Plazida Otaño liburutegiak sari horietako bat jaso du aurten, bigarrengoz. 2.777 euro jaso dituzte liburuetan gastatzeko.

Bigarren urtea da jarraian saria jasotzen dutena, Plazida, oihartzunaren plaza proiektuarekin. "Bertan azaltzen dira azken urtean egindako ekintza guztiak, liburutegian eskaintzen diren zerbitzuak eta liburutegiko lan ildoak", esan dute Arantxa Zabala eta Irene Urruzola liburuzainek. "Ekintza guzti hauetan parte hartzen duten herriko eragile eta erabiltzaileekin elkarlanean burututako proiektuak ere azaltzen dira".

Gipuzkoan Aiztondoko liburutegiarekin batera Eibarkoak ere jaso du aipamena Maria Moliner sariketaren barruan. Plazida Otaño 122. postuan sailkatu da 60 punturekin. Lehen saria eskuratu duenak 78 puntu eskuratu ditu eta azkenak 17.

"Sari hau ilusio handiz jaso dugu bide onetik goazela erakusten digulako", esan dute liburuzainek. "Egia esan indar handia ematen digu proiektu berrietan pentsatzeko". Aipatu dute hau guztia ez litzatekeela posible izango herriko eragile eta erabiltzaileen parte hartzerik gabe: "Proposatzen dizkiegun guztiei baiezkoa ematen digute eta parte hartzeko prest agertzen dira". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!