Maiatza Saltsan aurrera ateratzeko lanean aritu direnei eskertza egin die udalak

Tolosaldeko Ataria 2022ko eka. 15a, 11:08

Udalaren ustetan, ederra da ekimenari urtero herritarrek ematen dioten erantzuna.

Urak dakarrena lelopean egin dute aurtengo Maiatza Saltsan ekimena Zizurkilen. Udalak adierazi duenez, gozatzeko, ikasteko eta herria hobeto ezagutzeko tartea izan dute herritarrek hilabete osoan zehar.

"Maiatza Saltsan osasuntsu dago, eta hori, jende askok egindako lanari eta esfortzuari esker da. Herri mailako ekimena da Maiatza Saltsan eta ederra izaten da urtero herritarrek ematen dioten erantzuna; bai antolatzeko garaian, baita ekitaldietan parte hartzeko garaian ere. Izan ere, gisa honetako ekimenak ezin baitira antolatu parte hartze hori gabe", esan dute udal ordezkariek.

Zizurkilgo Udalak eskerrak eman nahi dizkie Maiatza Saltsan ekimena aurrera ateratzeko lanean aritu direnei: Kultura eta euskara batzordeko kideei, antolaketako bileratan parte hartzeagatik; Zizurkilgo hiru ikastetxeei; Hernandorena kultur taldeko kideei, "euren jakinduria beti herritarrekin partekatzeagatik"; Loatzo musika eskolari, "hainbat ekitaldiri doinua jartzeagatik"; Bukalai dantza taldeari, "euskal dantzak plazara ekartzeagatik"; errota egunean euren etxeko ateak zabaldu zituzten Adunibar, Alkañiz eta Akezko errotetako kideei; talo-tailerrak bideratzera gerturatu ziren herriko gazteei; Guretzako emakume taldeko kideei, "euren kultura herrira gerturatzeagatik"; El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearen aldeko talo postua jarri zutenei eta Javier Iraolari, bere ekarpenagatik; Aramako errotako kideei, Akezko errotan egin duten lanagatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!