Elkarrizketa

«Denbora da, batez ere, lan hauetako bakoitzari dedikatzen diozuna»

Jon Miranda Labaien 2022ko eka. 18a, 07:57

Sagra Jauregiberri Ugartemendia (Zizurkil, 1968) 2006an hasi zen Zizurkilen patchwork eskolak ematen eta ordudanik herri gehiagotan dabil eskulan honen inguruko afizioa zabaltzen.

Patchwork eskolak ematen ditu batean eta bestean eta eskulan teknika hau erabiliz lan ugari ditu eginak; azkenaldian, telazko liburuak landu izan ditu eta bi osatu ditu Plazida Otaño liburutegiarentzat.

Noiz hasi zinen patchwork lanak egiten?

Duela 21-22 urte hasi nintzen, nire amak bultzatuta. Eskulan honetara katigatu nintzen eta ordudanik horretan jarraitzen dut.

Amarengandik jasotakoaz gain beste inon jaso duzu formazioa?

Hasieran amarekin hasi nintzen, baina hainbeste gustatu zitzaidanez, nire gisara mugitu nintzen eta toki askotara joan izan naiz ikastera, besteak beste, Bartzelonara edota Madrilera. Hemen Euskal Herrian ez dago aukera handirik.



Patchworkaren tradizioa nondik dator?

Ezagunena AEBko patchworka da. Filmetan arreta jarriz gero ohe estalkiak eta tapizak asko ikusten dira. Ezagunena hori da, baina munduko beste herrialde askotan ere egiten da eta gainera oso modu ezberdinetara. Japonian, adibidez, kolore apaleko telak erabili eta xehetasunez betetako lanak egiten dituzte. Hawaiin badago beste estilo bat oso koloretsua eta han animalien formekin osatzen dituzte euren lanak. Europan, gehienbat, amerikar estiloa lantzen da.

Zuk teknika ezberdinak landu izan dituzu?

Bai. Niri asko gustatzen zait gauza ezberdinak probatzea, eta gustatuz gero, saiatzen naiz teknika horiek lantzen.

Nola azalduko zenuke hitz gutxitan zer den patchworka?

Ingelesezko hitza da. Patch hitzak tela puska edo oihalkia esan nahi du eta work hitzak, berriz, lana. Beraz, tela puska ezberdinak elkartuz edo josiz sortzen den lana da patchworka. Lan hori, izan daiteke edo ohe gaineko bat, edo tapiz bat, edo poltsa bat, edo nezeser bat. Ia nahi duzun guztia egin dezakezu.

Zuk denetarik landu izan duzu?

Bai egia esan bai. Oparitzeko errekurtso polita iruditzen zait. Ohe estalki bat egiteko denbora asko behar izaten da eta hori opari berezia da. Baina nik bestelako lan asko ere egin izan ditut detaile gisa emateko: poltsak, diru-zorroak, nezeserrak, tapizak...

Zein prozesu daramazu lan hauek egiteko?

Esan beharra daukat, esate baterako, ohe estalki bat egiteak uste baino lan gehiago daukala. Emaitza ikusten du jendeak, baina atzetik logistika lan handia dago. Aurrena pentsatu behar duzu zer egin nahi duzun. Nolako ohe estalkia egin nahi duzun irudikatu behar duzu edo aldizkari, liburu edo Internetetik ateratako irudietan inspiratu. Patroiak atera behar dira horretarako, puska txikiz osatutako lana denez, behar da horrelako gida bat eta askotan aldizkarietan topatzen dituzu horrelakoak. Bestela zuk zeuk sortu behar duzu patroia. Oihalak erosi behar dira ondoren. Bereziak izaten dira, normalean kotoizkoak. Eta gero hasten da josteko prozesua.



Makinaz edo eskuz?

Nik bi moduetara egiten dut. Eskuz josten hasi nintzen eta gehiago gustatzen zait, horrela ikasi nuen eta horrela jarraitzen dut. Nahiago dut. Makinaz ere egiten dut lan. Batez ere, poltsak eta horrelako piezak muntatu behar ditudanean erabiltzen dut makina edo ohe estalkiei azkeneko ukitua eman behar zaienean.

Non eskuratzen dituzu oihalak?

Hemen inguruan badauzkagu denda pare bat eta saiatzen naiz gertuko saltokietan erosten. Bestela Interneten eskuratzen ditut, denda ezagutzen badut, eta fidagarria baldin bazait, batez ere. Dezentetan joaten naiz Bartzelonara oihalak eskuratzera eta Avilesen ere badago denda zoragarri bat. Mugitzen naiz batera eta bestera. Azokak egiten dira urtean behin estatu mailan eta haietara ere joaten naiz. Ez dira merke-merkeak izaten oihal hauek.



Ohe estalkia bigungarria izaten da. Hori nola lortzen da?

Goiko zatia josi ondoren, azpiko beste oihalari lotu behar diozu eta tartean betegarria jarri behar diozu. Normalean, kotoizkoa izaten da. Hiru geruza horiek elkartu eta josi egin behar dituzu bata bestearekin, efektu bigungarri hori lortu ahal izateko.

'Quilt' esaten zaio behin batuta sortzen den pieza horri.

Bai. Eta horregatik quilterrak deitzen gara patchwork lanetan aritzen garenak.

Prozesuaren zein zatirekin gozatzen duzu gehien?

Hasierakoarekin. Zer egin eta nola egin pentsatzen gozatzen dut gehien eta telak aukeratzen ere bai. Josten ere ondo pasatzen dut, eta niretzat lasaigarria da oso. Baina kitzikatzen nauena, sortze prozesu hori izaten da. Buruhauste horiek maite ditut.

Erronkak gustuko dituzu?

Bai. Zailtasunean beste koska bat gora egiten dudanean ondo pasatzen dut. Bi urte eta erdi eman izan dut ohe estalki bat egiten. Lan oso konplexuak izaten dira, xehetasun handikoak eta ordu asko eskatzen dituztenak.



Erronka bezala hartu dituzu telazko liburuak ere?

Egia esan Interneten ikusi nuen lehen aldiz horrelako bat eta oso ideia polita iruditu zitzaidan. Begira hasi nintzen eta entsegu bat edo beste egin nuen. Ingurukoei gustatu zitzaien. Geroz eta jende gehiagok ikusi, orduan eta gehiagok eskatzen didate telazko liburua egitea. Haur batentzat oso opari polita da, didaktikoa ere bada eta gauzak ikasteko aukera ematen dutela iruditzen zait.

Plazida Otaño liburutegiarentzat bi egin dituzu.

Liburutegia zabaldu zenean egin nuen bat, eta orain, berriki, seigarren urteurrenaren harira Plazida Otañoren ingurukoa egin dut. Hasierako entsegu horiek egin nituenean Arantxa Zabala liburuzainak ikusi zituen eta liburutegirako bat eskatu zidan, 2016an. Bigarren hau, landuagoa dela esango nuke, Plazida Otañoren inguruan atera duten liburu ilustratua oinarri hartu dut eta jolas ezberdinak proposatu ditut bertan: lokarriak lotzen ikasteko, zenbatzen ikasteko, tamainak bereizten ikasteko... Enkargua zeinek egin, horren arabera liburua pertsonalizatzen saiatzen naiz. Kasu honetan, Melo pertsonaia ere sartu dut eta gertuko erreferentziak jaso ditut: Zubimusu zubia, Plazida jaio zeneko Errekalde baserria... Haurrek liburuarekin jostatzeko aukera dute liburutegian. Esan didatenez arrakasta handia du.

Enkarguz egiten duzu lan?

Bai. Telazko liburuen kasuan bai. Inguruko jendeak eskatu izan dizkit. Zaila da hala ere salneurria jartzea horrelako lan bati, atzetik lan handia daukalako, ordu asko pasatzen ditudalako liburuak pentsatu eta gero egiten.

Baloratzen al du jendeak eskulan hauen atzean dagoen ahalegina?

Eskulan zaleak direnek bai. Haiek konturatzen dira zenbateko lana dagoen pieza bakoitzaren atzean. Ezin da dena dirutan neurtu, denbora da batez ere lan hauetako bakoitzari dedikatzen diozuna. Gero materiala dago, oihalak eskuratu behar dira, horiek eskuratzeko batetik bestera ibili beharra dago... Horregatik, beti diot, lan hauek baloratuko dituela dakidan pertsona bati oparituko dizkiodala, bestela nahiago dut zerbait erosi eta hori oparitzea.

Erakutsi izan al dituzu zure lanak?

Bai. Hemen Zizurkilen erakusketa gelan jarri izan dut erakusketa. Astigarragan quilter batzuk elkartzen gara talde batean eta gure lanak erakusteko bi urtez behin egin izan ditugu erakusketak. Espainiako quilter elkarteak duela hamar bat urte Donostian egin zuen urteroko topaketa eta han ere nire lanak erakutsi eta bi sari irabazi nituen. Bata publikoarena eta bestea bigarren sari nagusia.

Irakasle bezala zabiltza.

Bai, 2006an hasi nintzen Zizurkilen, ordudanik herri ezberdinetan nabil: Hernanin, Oiartzunen, Errenterian, Donostian... Inoiz izan dut gizonezkoren bat, baina gehienbat emakumeak dira eskulan hauetara animatzen direnak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!