Eraikin publikoetan eguzki panelak jartzeko hitzarmena sinatu dute

Tolosaldeko Ataria 2022ko eka. 8a, 13:08

Herri hiru ikastetxeetako teilatuetan eta Iriarte kultur etxean jarriko dituzte eguzkiaren energia jasotzeko panelak.

Zizurkilgo hainbat eraikin publikotan eguzki panelak jartzeko hitzarmena sinatu du udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Herriko hiru ikastetxeetako teilatuetan eta Iriarte kultur etxean jarriko dituzte eguzkiaren energia jasotzeko panelak eta horrekin, 91,6 Kw sortzea aurreikusten dute. Guztira 298.097 euroko aurrekontua dute lanek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EVEk hartuko dute euren gain, osoki.

5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriekin abiarazi dute ekimena. Tokiko energia komunitateak sortzea da helburua. Udal eraikinetako teilatuetan eguzki panel fotovoltaikoak jarriz, autokontsumo partekatuko erregimenean sortuko dira tokiko energia komunitateak. Udalak hartu du Zizurkilen komunitate horiek bultzatzeko ardura.

Komunitate energetikoak, instalakuntza dagoen puntutik 500 metroko erradioan sartzen diren etxebizitzekin sor daitezke. Herriguneko instalakuntzak, San Millan eskola eta Iriarte kultur etxean jarriko denak, 61 etxebizitzekin energia komunitatea sortzeko aukera eskainiko luke. P.M. Otaño herri eskola eta Zubimusu ikastolan jarriko diren eguzki panelek aldiz, 242 etxebizitzako eremua hartuko luke.

Eguzki plakak jarri, eta lehen bost urtetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak izango du instalakuntza fotovoltaikoen titulartasuna. Hura arduratuko da mantenuaz eta aseguruaz. Behin hori pasata, udalarena izango da titulartasuna.

Etorkizunera begira, udalaren helburua herriko etxebizitza guztiak komunitateen barruan sartzeko aukera izatea da. Horretarako, datozen urteetan kanpaina eta inbertsio ezberdinak egitea aurreikusten du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!