Herriguneko gazteei ikasketak egitera joateko garraioa kendu zaiela salatu du udalak

Ataria 2022ko eka. 1a, 10:31

EH Bilduk Tolosaldeko landa eremuko garraio publikoaren inguruan aurkeztutako mozioa onartu du Zizurkilgo udalbatzak, koalizioaren aldeko eta EAJ eta PSE-EE alderdien abstentzioarekin.

Zizurkilgo Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Lurraldebusi eskatu die Herriguneko gaztetxoei hamarkadetan eman zaien autobus zerbitzua berrezartzeko. Ikastetxe publikoetara joateko gaztetxoek garraio publikoa izatea «oinarrizkoa» dela uste du udalak eta erakundeek zerbitzu hori bermatu behar dutela iritzi dio. «Herri eta auzo txikiak bizirik nahi baditugu, garraio publiko zerbitzu duinak behar ditugu», aipatu dute azkeneko osoko bilkuran aurkeztutako mozioan. Tolosaldea Garatzenen bitartez eskualderako garraio publikoaren esleipena egitear dagoenez, Zizurkilgo Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio eskualdeko herrien beharrei erantzuteko diseinatutako oinarriak ezar ditzala.

Udalak jakinarazi duenez Zizurkilgo Herriguneko batxilergo eta lanbide heziketako ikasleek autobus zerbitzua bermatua izan dute azken hamarkadetan, formula ezberdinen bitartez. Azken 20 urteetan TSST enpresak autobusa jarri du Herrigunetik Tolosako Orixe institutura eta Tolosaldea LHko Ikastetxe Integratura joateko, Asteasutik eta Elbarrenatik pasata. Zizurkilgo Udalak hitzarmen baten bidez zerbitzu hori lagundu izan du. TSST enpresa desagertuta, Lurraldebusek zerbitzu hori eten egin zuen 2021ean, udalak salatu duenez, «abisurik eman gabe». Udal ordezkariek zerbitzua berrezartzeko saiakerak egin baditu ere, aurrera urratsik ez dela eman esan du. «Ez gara aisialdiaz ari, derrigorrezkoak ez diren arren, oinarrizkotzat jo ditzakegun ikasketak egiteaz baizik. Borondate kontu hutsa deritzogu autobusa egunean bitan Herrigunetik pasatzeari. Urteetan arazorik gabe egin izan da». Gazteak gurasoen menpe geratu dira goizean Elbarrenara jaisteko eta eguerdian Herrigunera igotzeko. Udalaren ustez, egoera honek hainbat gazteren ikasketa prozesuan traba handia ekar dezake, bereziki familia zaurgarrietako kideengan.

Udalbatzan mozioa aurkeztu duen EH Bildu udal taldearen iritzian, «inola ere onargarria ez den zerbitzu murrizketa da". Garraio publikoa antolatzea erronka handia dela uste du koalizioak eta atzera urratsik ezin dela eman esan du. "Gipuzkoako Foru Aldundiak azken hilabeteetan atzera egin duela ikusten ari gara, oro har Zizurkilen, eta modu berezian Herrigunean».
Maiatzaren 30eko osoko bilkuran aurkeztutako mozioan nabarmendu dutenez, azken hilabeteotan, eskaripeko zerbitzurako egin diren eskaerei ezezkoarekin erantzun diete Lurraldebusetik. «Ezezkoa eman zaie eskaripeko zerbitzurako egin diren zenbait eskaerari, Herriguneko gaztetxoen arratsaldeko mugikortasuna erraztera bideratutako eskariak izan dira eta udalak jarraituko du horretarako bitartekari lana egiten».

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu du udalbatzak, koalizioaren aldeko botoarekin eta EAJ eta PSE-EE alderdien abstentzioarekin. Eskaerak jasoz onartutako ebazpena Gipuzkoako Foru Aldundira eta Lurraldebusera bidaliko du Zizurkilgo Udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!