Agenda 2030eko txostena aurkeztu dute herriko ikasleek

Ataria 2022ko maiatzaren 30a

Zubimusu ikastolako eta Pedro Mari Otaño herri eskolako ikasleek, Agenda 2030 ekimenaren barruan, hainbat erronka luzatu dizkiote Zizurkilgo Udalari.

Basoa izan da aurtengo gai nagusia Agenda 2030 ekimenaren barnean. Ikasturtean zehar landutakoa udalari aurkeztera gerturatu dira Zubimusu ikastolako eta Pedro Mari Otaño herri eskolako kideak.

Basoan ikusitakoen inguruko hausnarketa egin dute gaztetxoek eta haien ondorioak azaldu dituzte. Zenbait erronka ere luzatu dizkiote udalari. Hala nola, zuhaitzak identifikatzeko txartelak jartzea, zuhaitz landaketak egitea eta basoen garbiketa egitea.

Ainhoa Azpeitia Ingurumen teknikaria, Sara Berasategi idazkaria, Mari Jose Azurmendi basozaina eta Iker Urruzola alkateak egin diete harrera. Adi entzun dituzte gazteen azalpenak. Basozainaren azalpenak gustura hartu dituzte bertaratutakoek, eta amaieran, basoaren inguruan ikasitakoak erakusteko aukera izan dute guztiek, hainbat eta hainbat zuhaitzen izenak zerrendatuz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!