Entzuteak ikusteak baino garrantzi gehiago

Irati Saizar Artola 2022ko mai. 26a, 11:58

'Zarata' izeneko audiogida estreinatuko du, larunbat honetan, Zizurkilen, Hodei Arrastoa aktore eta sortzaileak.

Proposamen artistiko berritzaile batekin dator Hodei Arrastoa aktore eta sortzaile zizurkildarra bere jaioterrira. Zarata izeneko audiogida estreinatuko du, larunbatean, Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegian.

LGBTI+ kolektiboaren inguruko audiogida bat sortu du, eta bertaratzen denak, bere mugikorra eta aurikularrak eraman beharko ditu, horrela, audio bat entzunez, ibilbide bat egiteko aukera izango du espazio baten barrena. 16:00etan zabalduko dituzte liburutegiko ateak eta 19:00ak bitarte izango da espazioa zabalik. Tarte horretan, liburutegira edozein momentutan sartu ahalko dela esan du Arrastoak: "Bakarka entzuteko audio bat da, QR kode bidez entzun daitekeena, beraz, aretoa zabalik dagoen edozein momentutan egin ahalko da entzumenean oinarritutako ibilbidea, bakoitzak bere erritmoan".

Euskaraz zein gaztelaniaz, bi hizkuntzatan prestatu du 40 minutu inguru irauten duena audioa. "Audioan kolektiboaren inguruko hamar istorio ezberdin kontatzen dira eta liburutegian zehar, hamar gune ezberdin kokatuko ditut; zona bakoitzean estimulu bisualen batekin egingo du topo entzuleak, eta istorio hori eremu horretan entzuteko jarraibideak izango ditu. Horrela, liburutegian zehar ibilbide bat osatuko du".

Ikusteko elementu batzuk egongo diren arren, entzumenari eman dio lehentasuna: "Museo batera goazenean, artelanak ikus ditzakegu, eta audiogidek informazio gehigarria ematen digute. Kasu honetan, ordea, alderantziz gertatzen da, esan nahi dudana belarrira esango zaio entzuleari, audio bidez, eta horri gehituko zaion informazioa izango da ikusiko dena".

Hamar istorio, eta, bakoitza, kolektiboaren parte diren bederatzi euskal aktoreren eta musikari baten ahotsetik kontatua izango da. Proiektuaren ahotsak dira Telmo Irureta, Luix Mitxelena, Nahia Sillero, Xanti Agirrezabala, Sambou Diaby, Maider Lasa, Kimetz Renteria, Garazi Urkola, Irene Mujika eta Asier Rikarte. Soinu teknikaria Jon Fernandez da eta diseinatzaile grafikoa Aharon Ferradas.

Bakarkako esperientzia

"Esperientzia indibiduala denez, audioak zuzenean entzuleari zuzenduta daude, pertsona bakarrari, zuri", aurreratu du zizurkildarrak. "Goxo eta lasai kontatuko dizu istorio bat, edo agian zuk egiten duzuna kritikatuko du, edota galdera zuzen batzuk egingo dizkizu zuk erantzun ditzazun, tonu bokatibo eta tarteka akusatibo batean". Entzulea «deseroso» sentitu daiteke momenturen batean, "baina prozesuaren parte izan daiteke, edo kuestionatu egin beharko du zergatik sentitzen den horrela". Hausnartzeko esperientzia bat izango dela ziurtatu du Arrastoak.

Autohornikuntzarako

Urtebete inguru darama Arrastoak Zarata proiektua prestatzen. "Gure ofizioak jarraikortasun falta dauka eta nire arloan lanean jarraitu ahal izateko erabaki nuen proiektu hau sortzea". Zer produktu sortu nahi zuen pentsatu aurretik, zer pieza artistikok eman ahal zion diru pixka bat pentsatu zuen: "Horrela esanda ematen du diruzalea naizela, baina, diruaz ari naizenean, ez naiz aberatsa izateaz ari, prekarietatetik ihes egiteko moduaz baizik". Oinarri horretatik abiatu du proiektua eta ondorenean etorri da pieza.

Bera aktorea izanik, orain arte lan eszenikoak egin izan ditu, eta zerbait berria da berarentzat ere audiogida bat sortzea: "Pentsatu nuen, audio bat sortuta, eszenan inork ez zuela egon beharko, beraz, pertsona horiei ez zitzaiela ordaindu beharko". Arrastoak berak idatzi du gidoia, berak sortu ditu hamar istorioak, ondoren, beste batzuek grabatu badituzte ere. "Nik niretzat sortutako proiektua da, autohornikuntzarako".

Zarata izenarekin, LGBTI+ kolektiboak egin behar duen zarata bera islatu nahi izan du, "kolektiboak berak ikusgarritasun hori irabazteko". Horrez gain, hitz jokoa ere egiten du: zara-ta, "zarena zarelako".

Hiruki Larroxa kooperatibaren kolaborazioa eta laguntza izan du lanak. Aholkularitza eskaini die, besteak beste, kolektiboaren inguruko hizkuntzarekin lagunduz. "Zarata bezalako bidaia indibidual batean, kemena eta babes emozionala ere eman dizkidate Hiruki Larroxako lagunek, eta oso eskertuta nago", aitortu du.

Ekaina harrotasunaren hilabetea izanik, bezpera aprobetxatuko du Arrastoak Zarata sorkuntza proiektua plazaratzeko. Sarrerak 3 euroko kostua izango du, eta aurrez erosi ahalko dira Zizurkilgo udal bulegoetan.

Aurrera begira ere baditu data batzuk lotuta. Ekainaren 10ean Beasainen izango da eta ekainaren 29an Iruran. Data gehiago lotzen ari dela kontatu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!