Ezkeltzuko parke eolikoak lehenengo tramitea gainditu du

Ataria 2022ko mai. 20a, 10:53

Proiektua egin asmo duen Capital Energy enpresak planeamenduaren dokumentazio zehatza eta ingurumen inpaktuaren azterketa aurkeztu beharko ditu sei hilabeteko epean.

Eusko Jaurlaritzak administrazio baimena eman dio Zizurkilgo Ezkeltzuko parke eolikoaren proiektuari, eta horrenbestez, sei hilabeteko epea ireki da haren sustatzaileak, Capital Energyk, planeamenduaren dokumentazio zehatza eta ingurumen-inpaktuaren azterketa aurkez ditzan. Izapide hori formalizatuta, dagoeneko lau dira egoitza Madrilen duen energia berriztagarrien enpresa berak proiektatutako parke eolikoak Gipuzkoan.
 
Zizurkil eta Usurbil arteko mugetan, Ezkeltzun, lau aerosorgailu instalatzeko asmoa du Capital Energyk,, eta guztira, 18 megawatteko potentzia lortzea aurreikusten du.
 
Ezkeltzukoarekin batera, Karakaten, Soraluze eta Elgoibarko mugan, bi aerosorgailu eraikitzeko baimena ere eskatu zuen enpresak urtarrilean, eta orain administrazio baimena lortuta, Ezkeltzun bezala dokumentazio zehatza aurkeztu beharko du Capital Energyk. Karakaten 9,6 megawatteko potentzia lortzea aurreikusten dute.
 
Joan den urtearen amaieran, enpresak Trekutz eta Buruzai parke eolikoak eraikitzeko administrazio-baimena eskatu zuen. Lehenengoa Urretxun eta Antzuola artean dago, eta 10 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa eskatzen du, 12 megawatteko potentzia emango duten bi aerosorgailu instalatzeko. Buruzai, bere aldetik, Azkoitian, Urretxun eta Zumarraga artean kokatzen da eta 18 megawatt sortzeko gai diren lau errota aurreikusten ditu 15,3 milioi euroko aurrekontuarekin. Proiektu horiek lehen fasea gainditu zuten ekitaldi honen hasieran. Fase horretan, lehiak alternatibak aurkezteko aldi bat ireki zen, baina ez da halakorik gertatu. Horrela, sei hilabeteko epea ireki da, Capital Energyk dokumentazio zehatzagoa aurkez dezan, eta, beraz, oraindik bidea egiteko dago.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!