Indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa onartu dute

Ataria 2022ko mai. 19a, 11:59

Zizurkilgo Udalak ezohiko bilkura batean eta herriko eragileen aurrean onartu du araudia; esku-hartze feministan oinarritutako protokoloa prestatu dute

Indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeen arreta integral eta egokia bermatuko duen koordinaziorako protokoloa onartu du Zizurkilgo Udalak, Atxulondo kultur etxean egindako ezohiko batzar batean.

Farapi kooperatibak koordinatu du protokoloa onartu aurreko parte hartze prozesua eta zuzeneko eragileekin batera, herriko ikastetxe, taberna eta kirol elkarteek parte hartu dute. Asteartean egin zuten publiko protokoloa eta aho batez onartu zuten udaleko hautetsiek. Prozesuan jardun duten eragileek ere araudi berria sinatzeko aukera izan zuten.

Matti Navas Berdintasun zinegotziak aipatu duenez, udal ordezkariak maiztasun jakin batekin bilduko dira zuzeneko eragileekin, protokoloari jarraipena egiteko. Herriko eragileekin lanketa egiten jarraitzeko konpromisoa ere hartu du Zizurkilgo Udalak.

JARRAITU BEHARREKOAK

Lesio fisiko edo psikikoak, larriak eta ez hain larriak, izaten direnerako jarraitu beharreko urratsak zehazten ditu protokoloak. «Horrelako kasuetarako ibilbidea nahikoa zehaztua egoten da, baina eraso bat egon eta erasoa pairatu duen emakumea gerturatzen zaigunerako, erantzun azkarra behar duen kasuetarako, jarraibide batzuk jasotzen ditu araudiak», aipatu du Navasek.

Zizurkil bezalako herri batean, gertatutakoa publikoki salatzearen garrantzia azpimarratu du Berdintasun zinegotziak: «Geruzaz osatutako taldeak adostu ditugu eta geruza horietako bakoitzean erabakiko da aurrera egin edo ez. Izan ere, anonimotasuna bermatu eta artatzea feminista izatea nahi badugu, kontu handia eduki behar dugu». Dena den, Navasek nabarmendu nahi izan du eraso baten berri jasotzen den unea, momentu latza izaten dela baita ere udal ordezkarientzat. «Ezer ez egitea, askotan, zerbait egitea da. Emakumearen erabakia errespetatu behar dugu uneoro».

Protokoloa onartzeko bidean egin duten prozesuak agerian utzi du formazioa behar dutela herriko eragileek eta udaletik lanketa bat egingo dute, hasteko, herriko tabernariekin.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!