"Protokoloa ikuspegi feminista batetik egina dago"

Tolosaldeko Ataria 2022ko mai. 17a, 10:20

Gaur arratsaldean, ezohiko udalbatza egingo dute Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean eta Indarkeria Matxistari aurre egiteko protokoloa onartuko dute.

Udaleko arduradun politiko, teknikari eta administrariek parte hartu dute protokoloa onartzeko prozesuan. Matti Navas Los Arcos Berdintasun zinegotzia da eta Maite Amenabar Alkorta Gizarte Zerbitzuetakoa.

Noiz abiatu zenuten indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloaren lanketa?

Matti Navas. Udalak herritarrekin batera ibilbide luzea egin du urte hauetan eta protokoloa ibilbide honetan beste urrats bat izan da. 2017an jaietako protokoloa egin genuen eta 2019an jai berdinzaleagoak lortzeko prozesu parte hartzailea abiatu. Ia urtebete egin dugu Farapi kooperatibak gidatuta indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa lantzen eta dagoeneko onartu dugu.

Zer da protokoloa eta zein helbururekin onartu duzue?

M. N. Indarkeria matxista kasu bat antzeman bezain pronto eman beharreko urratsak biltzen dituen araudia da. Indarkeria bera identifikatzen jakitea da lehenengo urratsa eta behin hori eginda pairatu duenari babesa eta arreta egokia eman ahal izateko ditugun baliabide guztien koordinazioa ezinbestekoa da.

Herriko eragile askok hartu al dute parte prozesuan?

Maite Amenabar. Bi lerrotan egin dugu lan. Alde batetik zuzeneko eragileekin lau saio egin ditugu. Tartean udaleko ordezkariak egon gara, Tolosaldeko aniztasun teknikaria, Zizurkil-Villabonako osasun zentroko kideak, Tolosaldeko ESIko arduradunak, Hernaniko ertzain etxekoak eta herriko Udaltzaingoa. Kasu honetan garrantzitsuena izan da, prozesuaren harira, elkar ezagutu ahal izan dugula. Telefonoaren bestaldean egongo diren horiei aurpegia jarri eta horrelako kasu baten aurrean nola lan egiten duten ezagutu ahal izan dugu. Zeharkako eragileen artean, herriko bi ikastetxe, bi taberna eta Danena kirol elkartekoek hartu dute parte hiru lan saiotan. Herriko eragileekin nabarmen geratu da oraindik ere baditugula hutsuneak. Indarkeria matxista ematen den egoera baten aurrean, maiz, zalantzak izaten ditugu. Jarraitu egin beharko dugu lan pedagogikoarekin.

Zein berezitasun ditu Zizurkilgo protokoloak?

M. N. Bat baino gehiago dira idatzita dauden protokoloak baina iruditzen zitzaigun gurea egiteak aukera ezberdinak ematen zizkigula. Prozesuan indarkeria matxista identifikatzen ikasi dugu, eta egin dugun lan pedagogikoa oso aberatsa izan da. Gainera etxean egindako protokolo batek gure baliabide propioen ezagutza ekarri digu. Gurea herri txikia da, eta adibidez hemen Udaltzaingoak ez du eguneko 24 ordutan lan egiten. Herrian eta bailaran baditugu baliabideak, baina askotan horien arteko koordinazio falta nabaria da eta lanketa honek dauzkagun hutsuneak eta indarguneak azalarazi dizkigu.

Esku-hartze feminista jarri duzue protokoloaren erdigunean. Zergatik?

M. N. Emakumea erdigunean jartzen dugulako. Emakumea esaten dugunean, hegemonikoak ez diren gorputz horiek guztiak hartzen ditugu kontuan, LGTBI kolektibokoak, trans-ak, bollerak, marikak... horiek denak. Iruditzen zaigu emakumea artatzen duen pertsonak informazio eta ezagutza izan behar dituela. Momentu hau emakumearentzat oso momentu latza da, eta artatzaileak prozesu goxo eta ahalduntzaile baten bitartez jarri behar dizkio aukera guztiak mahai gainean erasoa jasan duenari, pertsona horrek ahalik eta modu kontzienteenean hartu ditzan erabakiak. Protokoloan azpimarratzen dugu zenbaterainokoa den garrantzitsua artatzen duen pertsonaren jarrera. Esku-hartze feminista izatea ezinbestekoa da. Ez dugu, beraz, emakumea epaituko, bere hitza eta nahia errespetatuko ditugu, gurasokeriak ekidingo ditugu, babesa emango diogu, anonimotasuna bermatu eta bere testuingurua kontuan hartuko dugu.

Zein jarraipen izango du orain protokoloak?

M. A. Udalaren betebeharra herritarrei babesa eta arreta eskaintzea da, are gehiago indarkeria matxista pairatu badute. Sekulako tresna da protokoloa, egia da, baina politena prozesua bera zizan da. Guk lanketa horrekin jarraituko dugu eta Zizurkilen antolatzen diren gauza guztietan ikuspegi honek isla izan dezan saiatuko gara. Ostalariekin bilerak egingo ditugu, zalantzak jaso eta zenbait egoeren aurrean nola jokatu daitekeen aztertzeko.

Balioko al du protokoloak indarkeria matxistarekin bukatzeko?

M. N. Zoritxarrez ez dugu formula magikorik topatu. Bide hau luzea da eta prozesua abiatu besterik ez dugu egin. Eskerrak eman nahi dizkiot, bereziki, mugimendu feministari eta esan nahi dut emakumeok pausoak ematen goazen bezala, badela garaia gizonezkoek ere beren urratsak ematen hasteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!