Akezkoerrota martxan ikusteko aukera

Rebeka Calvo Gonzalez 2022ko maiatzaren 7a

Maiatza Saltsan ekimenaren barruan, eta biharko Gipuzkoako Erroten Egunari lotuta, herritarrek Zizurkilgo errota osatu bakarra ikusteko aukera izan dute.

Herritarrak Akezkoerrotara gerturatu dira gaur, txandaka, errota bertatik bertara ezagutu ahal izateko. Hernandorena kultur elkarteko ekimenez konpondu zuten errota eta horretarako Aramako Ibares errotako Cobos-Irizar familiakoen laguntza izan zuten, izan ere Akezkoerrota 1963an utzi zituen industria lanak, eta 1980ra arte martxan jarri bazuten ere, geldirik eman ditu azken urteak. Gaurko azalpenak emateko bertan izan dira Hernandorenako Joxin Azkue eta Mikel Cobos-Irizar.

Gipuzkoako Erroten Eguna

Bihar da Gipuzkoako Erroten Eguna eta hori dela eta, hainbat ekitaldi izango dira bihar eskualdean. Altzon San Salvador-Bekoa errota bisitatzeko aukera izango da 12:00etatik aurrera, Asteasun 11:00etan plazatik abiatuta Urniategi errotara bisita egingo dute, Larraulen 10:30ean elkartuko dira plazan Txuringain errotara oinez joateko eta Tolosan Rafa Gorrotxategi txokolate museoa bisitatu ahal izango da 11:00etan.



ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!