Akezkoerrota, "ondare ikusgarria"

Jon Miranda Labaien 2022ko mai. 6a, 11:59

Gipuzkoako Errota Egunaren bezperan eta Maiatza Saltsan egitarauaren barruan, bihar Errota Eguna egingo dute Zizurkilen. Akezkoerrota martxan jarriko dute eta bisita gidatuak egingo dituzte bertara.

Maiatza Saltsan ekinaldiaren barruan eta Gipuzkoako Erroten Egunarekin bat eginez, Zizurkilgo Akezkoerrota lanean jarriko dute bihar. Errota horrek 1963an utzi zituen industria lanak, eta, 1980ra arte martxan jarri bazuten ere, geldirik eman ditu azken urteak, "ez-erabilgarri". Hernandorena kultur elkartearen ekimenez, konpondu egin dituzte Akezkoerrotak behar bezala funtzionatzeko zeuzkan hainbat arazo, eta prest dago martxan jartzeko. Bihar, herritarrek aukera izango dute errota martxan ikusteko; 10:30etik aurrera bisita gidatuak egingo dituzte. Eguna osatzeko, umeentzako talo tailerra eta erromeria izango dira, Joxe Arregi plazan.

Hernandorena kultur elkarteak urteak daramatza herriko ondarea bistaratzeko lanean, eta lehenagotik ere begiz jota zeukan Akezkoerrota. Julian Arrastoa elkarteko lehendakariak azaldu duenez, Gipuzkoako Erroten Eguna egiteko asmotan zirela jakitean pentsatu zuten aspaldiko zor bat kitatzeko aukera izango zutela, eta herrian duten "ondare zoragarri horri" balio bat eman ziezaioketela. Asmo horrekin jo zuten Arizmendi familiarengana, errota berreskuratzeko aukeraren inguruan galdezka. "Asko eskertzen diegu haien etxean sartzeko aukera eman izana. Oso ondo jarrita daukate; Akezkoerrota ondare ikusgarria da, eta merezi du ikustea".

33.000 erreal kuarto

Arizmenditarrak dira errotaren jabeak XIX. mendearen hasieratik. Urte hartan Zizurkilgo kontzejuak enkantean saldu behar izan zuen Akezkoerrota. Hernandorena elkarteak salmenta eta erosketa sinatu zituzteneko agiria topatu du artxiboan. Jose Manuel Arizmendi Apabolazak erosi zuen errota, 33.000 erreal kuarto ordainduta, 1810eko martxoaren 10ean, igande batean, bazkalondoan, herriko plazan egindako enkantean. Hala ere, lehenagokoak dira Akezkoerrotaren inguruko lehen aipamenak. Azken urtebetean Zizurkilgo kultur elkarteak laguntzaile izan ditu Aranzadi zientzia elkarteko etnografia saileko Javi Castro eta Yoseba Alonso, eta haiek topatu dute Zizurkilgo errotaren lehen aipamen dokumentatua. 1595ekoa da, eta urte hartan errotako presan egin beharreko obren zehaztasunak ematen ditu.

Etxea errota moduan diseinatu zuten, eta jatorrizko egiturak bere hartan dirau oraindik: ia laurehun metro luze den hornikuntza kanala, antapara eta irteera estoldako arkuak. Jatorrizkoa hautsita zegoelako, errotak zuen nibel mahaia beste batekin ordezkatu behar izan dute orain, eta, horretarako, Zaldibian egin bezala, Aramako Ibares errotako Cobos aita-semeen laguntza izan dute Hernandorenakoek. "Haiek arduratu dira lana egiteaz, eta guk lagundu besterik ez dugu egin", esan du Arrastoak. Martxoan egin zituzten konponketak, eta errota abiatzeko moduan utzi dute.

Akezkoerrotaren egokitzapen lanak aitzakiatzat hartuta, Hernandorenak Sustraiak izeneko argitalpenaren 30. zenbakian bildu ditu azken hilabeteetan egin duten lanketa guztia eta bildutako dokumentazioa. Besteak beste, jakin dute XVII. mendean Andatza mendiko iparraldean zeuden harrobietatik ekartzen zituztela errotarriak eta haiek pikatzeko lanean aritu izan zela, behin baino gehiagotan, Asteasuko Pedro Jose Elizegi Pello Errota bertsolari ezaguna. Bitxikerien artean topatu dute nola 1785ean 32 erreal pagatu zitzaizkion apaizari errota konjuratu zezan, orduko errotariak iratxoek hartuta zeukatela pentsatu eta ihes egin ondoren.

Gainerako errotak

Herrian martxan izan ziren gainerako erroten informazioa ere jaso du Hernandorenak: Orakaiztegiko errota, Alkanizkoa, Loidierrota, Adunibarkoa eta Atxulondokoa. Maiatzaren 22an, mendi ibilaldi gidatua egingo dute Zizurkilen, errota haien arrastoak bisitatzeko.

"Ikasitakoaren berri emateko prest gaude, eta herriko ikastetxeetan eta euskara ikasteko taldeetan emango ditugu azalpenak egunotan", esan du Arrastoak. Akezkoerrotako nagusiek, oraingoz, biharko bakarrik hartu dute errota martxan jartzeko konpromisoa, eta, beraz, Hernandorena elkarteko kideek aukera aprobetxatzeko deia egin dute. Bi errotarri pare dituzte, eta horietako bakarra jarriko dute martxan. Bestea desmuntatuta erakutsiko dute, jendeak errotaren funtzionamendua hobeto uler dezan. Hamabost laguneko taldeetan, ordu erdiko bisitak egingo dituzte bihar, Errota Egunean.

Erlazionatuak

Errota baten funtzionamendua

Tolosaldeko Ataria 2022 mai 06 Zizurkil

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!