'Urak dakarrena' lelopean dator Maiatza Saltsan

Ataria 2022ko mai. 2a, 17:00

Datorren larunbatean Akezkoerrota jarriko dute martxan eta ekitaldi horren inguruko egitaraua prestatu dute egun horretarako.

Igandean egingo da Gipuzkoako Erroten Eguna lehenengo aldiz eta ondare-elementu horien inguruko jarduera programa zabala bultzatu du Ihurrita Errota Sustatzeko Elkarteak, Gipuzkoako hainbat elkarte, udalerri eta eragileen laguntzaz. Zizurkilen, ondare-elementu horri buruko alderdi ezberdinak aztertzeko lana hartu du Hernandorena kultur elkarteak, udalarekin lankidetzan. Errotaren gaia iritsi zitzaienean aspaldiko zor bat kitatzeko aukera ikusi zutela esan du Joxin Azkue elkarteko kideak. "Akezkoerrota martxan jarri genezakeela pentsatu genuen eta modu horretara Zizurkilen dugun ondare zoragarri horri balore bat eman". Larunbatean, maiatzaren 7an jarriko dute funtzionamenduan eta horren bueltan Errota Eguna egingo dute. Gaian sakontzeko, maiatzaren 22an, Zizurkilgo errota izandakoen arrastoak bisitatuz mendi ibilaldia egingo dute. Energia hidraulikoa baliatuz aritzen zen industriari erreferentzia eginez, Zizurkilgo Udalak Urak dakarrena leloa aukeratu du Maiatza Saltsan ekimena izendatzeko.

Ainhoa Larrea kultura teknikariak aipatu duenez, energiaren gaia izango da ardatzetako bat aurtengo egitarauan. Ostegunean, Iriarte kultur etxean, Energia berriztagarriak zure etxean... posible da! izenarekin tailerra egingo dute Argitu programaren barruan. Eraginkortasun energetikorako eta zaurgarritasun energetikoari aurre egiteko azalpenak emango dituzte bertan. Bigarren tailerra, Plazida Otaño liburutegiko balio anitzeko gelan emango dute maiatzaren 16an: Etxean energia aurrez dezakezu erosotasunik galdu gabe.

"Urak gauza asko dakartza, eta azkeneko urteotan, itsasotik migrazioa datorkigu Europara", aipatu du Larreak. Errota Egunaren barruan, maiatzaren 7an, Korrontzi taldea etorriko da Intxaur frontoira. 22:00etan hasiko den emanaldian migrazioaren gaia landuko dute. Oinkariko dantzariek eta bertsolariek hartuko dute parte eta bildutako dirua Aita Mari ontziari emango diote. Sarrerak udal bulegoetan aurrez eskuratu ahal jango dira 5 euroan. Elkartasun ekimen gehiago ere izango direla nabarmendu du kultura teknikariak. Aurten, Asteasun ospatuko dute Senidetze Eguna maiatzaren 28an, eta horren aurretik, maiatzaren 25ean, Zizurkilen ipuin solidarioak kontatuko dituzte. Otaño herri eskolako ikasleek ipuinak kontatuko dituzte eta bildutako dirua El Salvadorreko Segundo Montes komunitatera bideratuko dute.

Prestatutako egitarauaren barruan, maiatzaren 17an izango den ekitaldi batean jarri dute azpimarra udal arduradunek. Indarkeria Matxistaren Aurkako Protokoloa onartzeko osoko bilkura berezia egingo dute Atxulondo kultur etxeko areto nagusian. "Udalak hainbat erakundeekin eta gizarte eragilerekin batera, urtebeteko parte hartze prozesua egin du protokoloa diseinatzeko, Farapi kooperatibaren gidaritzarekin. Prozesu horretan landutako dokumentua onartuko du udalbatzak osoko bilkura berezi horretan, eta parte hartu duten eragileek sinatuko dute protokoloa", aipatu du Larreak.

Askotariko ekitaldiak

Kultur arlo ezberdinak jorratuko dituzte aurtengo Maiatza Saltsan ekimenaren barruan. Besteak beste, bertsolaritzarekin zerikusia duten bi saio izango dira. Maiatzaren 12an, Harituzek antolatuta, Iriarte kultur etxean Iñaki Murua eta Saioa Alkaiza bertsolariak jardungo dute hitzaldia ematen. Nola iritsi bertsolari izatera? galderaren inguruan arituko dira. Bestalde, maiatzaren 14an, Oihana Iguaran amasarrak eta Amaia Luluaga anoetarrak Amaraun lana eskainiko dute; bertsoa, dantza, musika eta hitza uztartzen dituen emanaldia da eta bertara joateko sarrerak, hiru euroan salgai izango dira udal bulegoetan.

Kultura teknikariak aipatu duenez, herriko eragileek parte hartzen ez badute ezinezkoa da Maiatza Saltsan ekimena antolatzea. Horregatik, Loatzo Musika eskolako ikasleek osatutako bi taldeek, Anakrusak eta Big Bandak, kontzertua eskainiko dute Joxe Arregi plazan, maiatzaren 22an. Bukalai herriko dantza taldeak, berriz, ikasturte amaierako emanaldia eskainiko du maiatzaren 27an. Herriko beste artista batek, Hodei Arrastoak, Zarata izeneko antzezlana sortu du eta Plazida Otaño liburutegian emango du, maiatzaren 28an, 18:00etan hasita.

Omenaldi bat ere antolatu dute aurten, San Isidro egunaren barruan. Bazkaltzeko bilduko dira baserritarrak eta bertsolariak izango dira tartean. Arratsaldean, berriz, 17:00etan hasita, Jon Erasunen omenezko pilota partidak izango dira Intxaur frontoian. Profesional izateari utzi dio pilotari zizurkildarrak eta egitarau zabala prestatu dute egun horretarako: lehenik Ziotza pilota eskolako umeen partidak izango dira; ondoren emakumeak arituko dira paletaz, Irazustabarrena-Arrillaga, Galdos-Erasunen aurka; 19:00etan hasiko dira eskuzko partidak, Alberdi eta Irazustabarrena, Perurena eta Erasun beraren aurka arituko dira.

Bisita gidatuak Akezkoerrotara

Maiatzaren 7an, larunbatean, Akezkoerrota martxan jarriko dute eta 10:30etik aurrera nola funtzionatzen duen ikusteko aukera izango dute bisitariek. "Ordu erdiko txandak izango dira eta errotaren bi parteak, goikoa eta behekoa bisitatu ahal izango dira. Goian ikusi ahal izango da errota mugimenduan, eta behean uraren atala, errota mugimenduan jartzeko uraren indarra nola aprobetxatzen den ikusi ahal izango dute etortzen direnek", esan du Azkuek. Ordu erdiro martxan jarri eta geratu egingo dute errota, geldi ikusi eta martxan nola jartzen den ikusi ahal izateko. Gainera, bi errota pare daude Akezkoerrotan eta horietako bakarra jarriko dute martxan. Bestea desmuntatuta utziko dute, "tripak nolakoak diren ikusi eta errotak nola funtzionatzen duen ikusteko".

Bere garaian errota konpondu bazuten ere, ez zegoen martxan jartzeko moduan. Hernandorena elkartekoek konponketa lanak egin ahal izateko Aramako Ibares errotako errotarien laguntza izan dute. Ustelduta zegoen nibel-mahaia aldatu behar izan dute eta bestelako egokitzapen txiki batzuk egin. "Eskertzekoa da etxekoek, Arizmenditarrek eman diguten aukera hau", esan du Azkuek. "Errota zoragarri dago, oso polita daukate jarrita eta merezi du ikusteak". Momentuz, egun bakarrean erakusteko konpromisoa hartu dute Akezkoerrotako nagusiek. Larunbatean 15 pertsonako bisitak egingo dira eta gonbidapenak doan banatuko dira udal bulegoetan.

Eguna borobiltzeko, 12:00etan Joxe Arregi plazan, Bukalai dantza taldearen eta Loatzo musika eskolaren eskutik erromeria egingo dute eta ordu erdi lehenago, talo tailerrak egingo dituzte umeentzat. Talo postua jarriko dute ondoren eta bildutako dirua El Salvadorrera bideratuko dute.

Dena den, errotaren ingurukoak ez dira larunbat honetan bukatuko. Maiatzaren 22rako erroten ibilbidea prestatu du Hernandorena kultur elkarteak. "Sei izan dira Zizurkilen egon diren errotak eta horietatik bost ikusi ahal izango ditugu", aipatu dute egitarauaren aurkezpenean. Seigarrena Atxulondoko errota da. Nahiz eta Hernandorenak errota horren inguruko dokumentuak aurrez ezagutu, duela pare bat hilabete topatu dituzte burdinolako hondakinen artean, errota egon izanaren arrastoa.

Erroten ibilbidea Joxe Arregi plazatik abiatuko da eta bidegorria jarraituz Orakaiztegiko errotaren arrastoak bisitatuko dituzte lehenik eta behin. Fraisoroko edo Letxeriako errota bezala ere ezaguna, bertan kokatu zen Zizurkilgo lehen industria modernoa. Gaur egun, nahiz eta zizurkildar zaharrenen memorian gordeta egon, kanal txiki bat baino ez du mantentzen Orakaiztegiko errotak. Handik, bidegorria jarraituz iritsiko dira Akezkoerrotara eta Herrigunera bidean, garai batean Alkanizko errota zegoen etxe paretik pasako dira. Herrigunetik behera, berriz, Adunibarko errota eta Loidierrota ere bisitatuko dituzte. Adunibarren, oraindik ere mantentzen dituzte kanalaren eta botanaren arrastoak eta 1965era arte martxan egon zen Loidierrotan, berriz, garai bateko makinaria. Gerora, zentral elektriko txiki batean bihurtu zuten Loidierrota, inguruko auzoa energia elektrikoz hornitzeko.

Maiatza Saltsan

  • Maiatzak 5, osteguna
    • 18:30. Iriarte kultur etxean 'Energia berriztagarriak zure etxean... posible da' hitzaldia.
  • Maiatzak 7, larunbata
    • 10:30-13:00. Akezkoerrotara bisitak. Gonbidapenak udal bulegoetan.
    • 11:00. Erromeria Joxe Arregi plazan Bukalai eta Loatzo musika eskolaren eskutik.
    • 11:30. Umeentzako talo tailerrak eta El Salvadorreko aldeko talo postua.
    • 22:00. Korrontzi taldearen kontzertua, Aita Mari itsasontziaren alde.
  • Maiatzak 8, igandea
    • 09:55. Autobusa Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik aterako da. Izen emateak Galtzaundin.
  • Maiatzak 12, osteguna
    • 18:30. Nola iritsi naiz bertsolari izatera? hitzaldia emango dute Iriarte kultur etxean Iñaki Muruak eta Saioa Alkaizak.
  • Maiatzak 14, larunbata
    • 22:00. Joxe Arregi plazako estalpean Amaraun ikuskizuna, Oihana Iguaran eta Amaiur Luluagarekin.
  • Maiatzak 15, igandea
    • 17:00. Intxaur pilotalekuan Jon Erasunen omenezko pilota partidak.
  • Maiatzaren 16, astelehena
    • 18:30. Plazida Otaño liburutegi balio anitzeko gelan, Etxean energia aurrez dezakezu erosotasunik galdu gabe tailerra.
  • Maiatzak 17, asteartea
    • 18:30. Zizurkilgo Indarkeria Matxistaren Aurkako protokoloa onartzeko osoko bilkura berezia Atxulondo kultur etxeko areto nagusian.
  • Maiatzak 20, ostirala
    • Inaugurazioa. Hizkuntza gutxituen inguruko erakusketa Plazida Otaño liburutegiko erakusketa gunean.
    • 19:30. Joxe Arregi plazan Anakrusa eta Big Bandaren kontzertua.
  • Maiatzak 21, larunbata
    • Zizurkilgo XXII. Biatloia Herrigunean.
  • Maiatzak 22, igandea
    • Mendi ibilaldia Zizurkilgo errotak ezagutzeko.
  • Maiatzak 25, asteazkena
    • 10:00. Guretzako jatorri anitzeko emakumeen bilgunea Atxulondo kultur etxean.
    • Ipuin solidarioak.
  • Maiatzak 27, ostirala 
    • 18:30. Bukalai dantza taldearen ikasturte amaierako emanaldia.
  • Maiatzak 28, larunbata
    • Asteasun Senidetze Eguna.
    • 18:00. Hodei Arrastoak Zarata antzezlana eskainiko du Plazida Otaño liburutegian.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!