ELKARRIZKETA

«Bezeroak, oro har, asko estimatzen du emandako tratua»

Jon Miranda Labaien 2022ko api. 21a, 11:59

Zizurkilgo festa batzordeak Txapel Eguna berreskuratuko du aurten, eta 2020an iragarritako txapela jantziko dio Egarri tabernako nagusiari; apirilaren 30ean Herrigunean egingo dute jai berezia

Bizitza osoa darama Alex Inza Usabiagak (Zizurkil, 1973) tabernari, eta azken 21 urteak Egarri tabernan. Bertara gerturatu diren zizurkildarrak «etxean sentiarazteagatik» erabaki du Zizurkilgo festa batzordeak hari txapela janztea.

Nola jaso duzu festa batzordeak egin nahi izan dizun aitortza?

Pozik. Oso gustura. Herri mailan horrelako aitortza bat jasotzea beti da ohorea.

Zenbat urte daramazu tabernari bezala lanean?

15 urte nituenetik nabil ofizio honetan. Uztargin ikasi nuen zerbitzari, Donostiako Igeldon eta hango portuan ere aritu nintzen lanean eta gero Uztargi alokatu eta 8 urte eman nituen bertan. Hemen Josu Galarraga bazkidearekin batera Egarrin hasi nintzela 21 urte beteko dira uztailean.

Elbarrena toki aproposa al da taberna bat jartzeko?

Lokalak begiratzen hasi ginenean egokia iruditu zitzaigun hau, herri erdigunean dagoelako eta irisgarria delako. Dena den, lehen Joxe Arregi plaza ilunagoa eta itxiagoa zen, berritu zutenetik oraindik ere aproposagoa da tokia. Haurren parkea bertan dago, estalpea ere jarri dute, jende asko mugitzen da hemen. Guretzako abantaila da inguruan beste tabernak zabalik egotea, zenbat eta gehiago hobeto, jendeak jendea erakartzen baitu. Bakarrik bazaude, motz geratzen da kontua.

Pandemiak zein eragin izan du zuen jardunean?

Bost hilabetez egon ginen itxita eta pasada handia izan zen guretzat. Orain berriro ari gara erritmoa berreskuratzen eta lehengora itzultzen. Gu ondo ari gara eta ez gaude kexatzeko.

Zein bezero mota duzue Egarrin?

Denetarik dugu. Helduak, umeak, gazteak... Barruan gehiago egoten dira helduak, karta jokoan edo telebistari begira, eta kanpoko terrazan gazteak biltzen dira gehien, haiek ere musean ibiltzeko. Bertako jendea da nagusiki, herrikoa, eta baita ingurukoa ere. Aiztondoko jendea ibiltzen dugu gehienbat.

Zein da sekretua bezeroekin asmatzeko?

Medikua bezalakoak gara gu, bezero bakoitzari bere tratamendua eskaini behar izaten diogu. Umiltasunez bakoitzak eskatzen duen horri kasu egiten saiatzen gara. Ez dago beste sekreturik.

Tratua da gakoa.

Bai. Garagardoa taberna gehientsuenetan berdina da, kontua da zuk zurera erakarri behar dituzula herritarrak garagardo hori edan dezaten. Giro egokia jartzen saiatzen gara. Telebistan futbol partidak jartzen ditugu, musika egokia eta bezeroak eroso sentitu daitezen saiatzen gara. Esker onekoak dira herritarrak. Bezeroak, oro har, asko estimatzen du emandako tratua.

Herriko ekimenetan ere parte hartzen duzue.

Bai. Gu beti prest agertu izan gara. Herri mailan antolatzen diren gauza guztietan parte hartzen saiatzen gara. Hemen plazan edozer gauza dela, muntaian laguntzeko prest egoten gara, ura ez bada, argindarra, gure esku dagoena egiten dugu. Herri txikia gara eta gure tokitik herriari bultzada eman behar zaiola iruditzen zaigu.

Herriguneko festa batzordeak jantziko dizu txapela. Zizurkil goiko eta beheko partearen artean alde handia dagoela uste duzu?

Ni bereizketa horren kontrakoa naiz. Ni zizurkildarra naiz eta Zizurkil bakarra dela iruditzen zait. Batean edo bestean, goian edo behean, ezkerrean edo eskuinean biziko gara, baina zizurkildarrak gara denak. Lortu nahi nuke ezberdintasun horiekin amaitzea.

Txapela jantziko dizute apirilaren 30ean eta gero Zizurkilgo festetako pregoia bota beharko duzu Amabirjinetan.

Bai. 2020tik dakit txapeldun naizela eta txupina bota beharko dudala, baina ez dut ezer prestatu. Atera dadila atera beharrekoa.

Tabernan jai hartuko al duzu egun horretan?

Bai. Jai hartu dut apirilaren 30a eta hurrengo eguna ere bai, badaezpada, zer gerta ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!