Alex Intzari jantziko diote txapela

Ataria 2022ko api. 13a, 11:58

Zizurkilgo festa batzordeak apirilaren 30ean ospatuko du Txapel Eguna; "zizurkildar guztiekin tratu atsegina izaten hamarkadak daramatzan herritarrari" jantziko diote txapela

Zizurkilgo festa batzordeak Txapel Eguna egingo du apirilaren 30ean. 2020ko martxoaren 14an ziren eguna ospatzekoak, baina pandemiagatik bertan behera utzi zuten. Orduko hartan, Egarri tabernako Alex Inza zuten txapeldun izendatzekoa. Bi urteko etenaren ondoren festa berreskuratu eta txapeldun berbera mantenduko dute.

Honako arrazoiketa laburra egin du festa batzordeak txapeldunaren inguruan: «Alex Inza bezalako pertsonek garrantzia berezia dute herri bat, komunitate bat egiterakoan. Inzak etxean sentiarazi ditu Egarrira sartu diren zizurkildar oso ezberdinak, izan Elbarrenakoak zein herrigunekoak, gazteak, helduak zein adinekoak. Beti dago prest, gainera, herri ekimenetan laguntzeko, festetan edo bestelako ekimenetan». 
Antolatzaileek nabarmendu dutenez Txapel Egunaren helburua ez da inoiz izan lorpen handiak goratzea, herri giroan garrantzia duten herritarrei aitortza egitea baizik. Horregatik, Zizurkilgo Herriguneko festak antolatzea helburu duen festa batzordeak, aurten, herrigunetik harago begiratu nahi izan du 27. edizioko txapela jartzerakoan. «Zizurkildar guztiekin tratu atsegina izaten hamarkadak daramatzan Alex Inza herritarrari jarriko diogu txapela», esan dute festa batzordetik.

Ohiko egitarauari helduko diote XXVII. Txapel Egunean eta Iriarte jatetxean egingo duten afariaren ostean jantziko diote txapela Inzari. Hain justu, Alatzne Etxaburuak aurreko txapeldunak jantziko dio. Inza bera izango da abuztuan, Amabirjinetan, Herriguneko jaien hasierako txupinazoa botatzeko ohorea izango duena. 

Gaua biribiltzeko Haritz Mujika eta Amaia Agirre bertsolariek girotuko dute afalostea. Afarirako txartelak salgai izango dira Iriarte eta Egarri tabernetan eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurreko edizioko txartela oraindik inork badu, prezioaren aldea ordainduta aurtengo txartela emango zaio. 

XXVII. Txapel Eguna
Apirilak 30, larunbata
10:00. Emakumeen Pala txapelketa azkarra Intxaur frontoian. 13:00 aldera finalak. 
16:00. Txapeldunen mus lehia Zentroan.
17:30. Bukalai dantza taldearen emanaldia Intxaur frontoian. 
21:00. Txapeldunen afaria Iriarte jatetxean. Bertan jarriko dio Alatzne Etxaburua aurreko txapeldunak Alex Inza aurtengo txapeldunari. Afalostean, bertsotan, Haritz Mujika eta Amaia Agirre. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!