Apirilaren 30ean egingo dute Txapel Eguna, bi urteren ondoren

Ataria 2022ko apirilaren 5a

Alex Inzari jantziko diote aurten txapela.

Zizurkilgo festa batzordeak Txapel Eguna egingo du apirilaren 30ean. 2020ko martxoaren 14an ziren eguna ospatzekoak, baina pandemiagatik bertan behera utzi zuten. Orduko hartan, Egarri tabernako Alex Inza zuten txapeldun izendatzekoa. Bi urteko etenaren ondoren festa berreskuratu eta txapelduna bera mantenduko dute.

Honako arrazoiketa laburra egin du festa batzordeak txapeldunaren inguruan: “Alex Inza bezalako pertsonek garrantzia berezia dute herri bat, komunitate bat egiterakoan. Egarriko Alexek etxean sentiarazi ditu Egarrira sartu diren zizurkildar oso ezberdinak, izan Elbarrenakoak zein herrigunekoak, gazteak, helduak zein adinekoak. Beti dago prest, gainera, herri ekimenetan laguntzeko, festetan edo bestelako ekimenetan. 27. edizioa duen Txapel Egunaren helburua ez da inoiz izan lorpen handiak goratzea, herri giroan garrantzia duten horrelako herritarrak aitortzea baizik. Horregatik Zizurkil goiko jaiak antolatzea helburu nagusi duen festa batzordeak herrigunetik haratago begiratu nahi izan du aurtengo txapela jartzerakoan eta zizurkildar guztiekin tratu atsegina izaten hamarkadak daramatzan Alex Inza herritarrari jarriko diogu txapela”.

XXVII. Txapel Egunerako hauxe da antolatu duten egitaraua:

  • 10:00. Emakumeen Pala txapelketa azkarra Intxaur frontoian. (13:00a aldera finalak).
  • 16:00. Txapeldunen mus lehia zentroan.
  • 17:30. Bukalai dantza taldearen emanaldia Intxaur frontoian
  • 21:00. Txapeldunen afaria Iriarte jatetxean. 
    -Arrain zopa
    -Oilaskoa patatekin
    -Etxeko tarta
    -Kafea eta txupitoa
    Prezioa: 26 euro. Txartelak salgai  Iriarten eta Egarrin. Aurreko edizioko txartela oraindik inork badu prezio aldea ordainduta aurtengoa emango zaio.

Afal ostean, Alatzne Etxaburua iazko txapeldunak jarriko dio txapela Alex Inzari, eta honenbestez Inza izango da 2022ko jaien hasierako txupinazoa botako duena.  Haritz Mujika eta Amaia Agirre bertsolariek girotuko dute afalostea. Txapela jantzita eguna gozatzera dei egiten diete zizurkildarrei.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!