Ukrainako errefuxiatuentzako etxebizitzak eskaintzeko eskatu du PSEk

Ataria 2022ko api. 1a, 11:45

Udal gobernuari Bulandegi Bideko 23. zenbakiko udal lokalak lehenbailehen egokitzeko eskatu dio udal talde sozialistak.

Zizurkilgo udal talde sozialistak mozio bat aurkeztu du datorren osoko bilkuran eztabaidatzeko, Zizurkilgo Udalari eskatuz errefuxiatu ukrainarrei etxebizitzak eskaintzeko. Horretarako, PSE-EEk udal gobernuari honako eskaera egin dio: ahalik eta epe laburrenean Bulandegi Bidea 23ko udal lokalak lehenbailehen egokitzeko, gaikuntza baldintzak bete ditzan. Modu horretara lokala Eudelen esku jarri ahal izango luke udalak, Eusko Jaurlaritzak Ukrainatik datozen pertsonak eta familiak hartzeko eskuragarri dauden etxebizitzen poltsan sartzeko.

Zizurkilgo PSE-EEko bozeramaile, Jose Antonio Sanchezek, ohar batean azaldu duenez, asko dira laguntza ematen ari diren erakundeak eta errefuxiatuei harrera egiteko ekimenetan parte hartzen ari direnak. Tartean dira Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak eta udalak. “Erabaki hori printzipio etikoetan eta elkartasunean oinarritzen da, baita gizarte zibilaren eta administrazio publikoen erantzukizuneko arau printzipioetan ere". Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaio Sanchezi Zizurkilek ere egoerak eskatzen duen mailan jardutea, batez ere, Ukrainaren inbasio militarraren ondorioz lau milioi errefuxiatu baitaude, gehienak emakumeak, haurrak eta adinekoak. "Gerra izugarria hau irmoki gaitzesten dugu eta babesa ematen diegu Ukrainatik datozen errefuxiatuei".

Sanchezen ustez, ostatu bat ematea da errefuxiatuei autonomia osoz bizitzeko aukera emango dien gizarteratzerako oinarria. Gainera, EH Bilduko udal gobernuari eskatu dio, errefuxiatuen eskura jar ditzala oinarrizko gizarte zerbitzuek ematen dituzten laguntza eta laguntza integraleko zerbitzuak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eta hirugarren sektorearen lankidetzarekin, baita estatuko Harrera eta Integrazio Sistemako plazak kudeatzen dituzten gizarte-erakunde profesionalak ere. Itzultzaile zerbitzuak eta haurrak eskolatzeko prozesua errazteko baliabideak ematea ere eskatu du zinegotzi sozialistak.

Azkenik, ziurtatu du Bulandegiko udal lokalak birgaitzeak aukera emango diola udalari larrialdietarako bizitegi baliabide duinak izateko, hondamendi naturalen, gerra arrazoiengatiko joan-etorrien, indarkeria matxistaren, gizarte-bazterketaren eta abarren aurrean hiritarrak erabil ditzaten. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!