Guztia prest dute Zizurkilgo I. Duatloia lasterketarako

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko mar. 31a, 07:58

Azaroan jokatu zen Adunako III. Mendi Duatloiko irudi bat; igandean, bertatik igaroko dira lasterkariak. JON MIRANDA

Igandean jokatuko da 'Zumarpe saria' esprint distantziako proba, 10:30ean hasita; Gipuzkoako Duatloi Txapelketa izango da jokoan federatuentzat.

Danena Kirol Elkarteak, Zizurkilgo Udalak, Gipuzkoako Triatloi Federazioak eta Euskadiko Triatloi Federazioak antolatuta, Zizurkilgo Duatloiaren lehen edizioa (esprint distantzian) jokatuko da igandean. Zumarpe saria izendatu dute, eta Gipuzkoako Duatloi Txapelketa izango da jokoan federatuentzat. Emakumezkoak 10:30ean hasiko dira; gizonezkoak, berriz, 10:40ean.

Zizurkilgo Joxe Arregi Plazaren parean dagoen errepidean kokatuko dira irteera eta helmuga. Plazan bertan egongo da bizikletak hartu eta uzteko gunea. Lehen korrikako sektorea amaitutakoan, plaza guztia ezkerraldetik inguratu eta iskin batetik sartuko dira. Trantsiziorako gunean bizikleta hartu eta errepidera aterako dira; bertara iritsi arte, lasterkariek ezingo dute bizikleta gainera igo. Txirrindularitzako ibilbidea amaitzean, plazaren eta elizaren arteko aldapatik oinez (bizikletatik jaitsita) sartuko dira plazara, bizikletak uzteko. Aurreikuspenen arabera, 12:00ak aldera helduko dira lehen partaideak helmugara.

Korrika egin beharreko lehen sektorean, bost kilometroko ibilbidea osatuko dute partaideek. (bi itzuli 2,5 kilometroko zirkuituari). Ibilbide osoa asfalto edo bidegorri gainetik egingo dute, eta desnibela duen ibilbidea dela aurreratu dute antolatzaileek. Bizikletan egin beharreko ibilbidea, berriz, 19 kilometrokoa izango da. Guztira, 461 metroko desnibel metatua izango du. «Ibilbide gorabeheratsua da, kontuz egin beharreko jaitsiera batekin», adierazi dute antolatzaileek. Amaitzeko, azken partzialean (korrikako bigarrenean) itzuli bat emango diote 2,5 kilometroko zirkuituari.

Trafikoan aldaketak

Bai korrika baita bizikletaz osatu beharreko ibilbidea dela eta, Zizurkil inguruko zenbait errepide trafikoari itxita egongo dira, batez ere, bizikletaz egin beharreko ibilbidea hasi eta amaitu bitartean. Batetik, GI-3610 errepidea itxi egingo dute. Bestetik, errepide horretatik Adunako pabiloietara dagoen bidegurutzea itxiko dute, eta txirrindulariak igarotzen diren bitartean, A-1 errepidetik eta Amasa-Villabonatik datozenek ere ezingo dute pasa.

Aduna inguruan ere zenbait aldaketa izango dira trafikoari begira. Lehenengo, Irizar enpresaren ondoan dagoen biribilgunea itxiko dute, txirrindulari guztiek Adunarako bidea hartu arte. Gero, Adunako herrigunea itxi egingo dute, txirrindulariak bertatik igarotzen diren bitartean, eta bertara igotzeko dagoen aldapa ere itxi egingo dute.

Azkenik, GI-2631, GI-3281, GI-3282 errepideak eta Asteasutik Amasa-Villabonara doan bidea (Olentzo parean) itxiko dituzte; ondorioz, Alkizatik Anoeta aldera jaistea izango da aukera. «Lasterketak iraun bitartean, eta trafikoa arintze aldera, baliteke bidegurutzeetan lanean ariko diren boluntarioek ibilgailuei paso ematea», ohartarazi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!