Blues Gaua egingo dute larunbatean Zizurkilen

Ataria 2022ko mar. 30a, 12:56

Joxe Arregi plazan, 19:00etan, Joan Pau Cumellas eta Paul San Martin ariko dira; 20:00etan, Koko Jeans eta The Tonics-en txanda izango da.

Zizurkilgo Blues Gaua egingo dute apirilaren 2an, larunbatean, 19:00etatik aurrera Joxe Arregi plazan. Bi emanaldi izango dira, 19:00etan lehena eta 20:30ean bigarrena. 

  • Joan Pau Cumellas & Paul San Martin (19:00)

Paul San Martin donostiarra erreferentziazko pianista eta abeslaria bihurtu da estatuko zirkuituan. Prestakuntza klasikoa du eta ongi ezagutzen du musika beltza, eta bereziki, bluesa. Hainbat kolaborazio lan egin ditu eta bira askotan parte hartu du izen handiko artistekin. Beste artista ezagun bat izango du alboan Zizurkilgo emanaldian: Joan Pau Cumellas. Harmonika diatonikoarekin interpretatzeko duen gaitasunagatik da ezaguna Cumellas. Blues musika fusionatu du jazzarekin, countryarekin eta folk musikarekin hainbat talderekin egin zituen kolaborazioetan. Barcelona Bluegrass Band eta Mr. Hurricane Band taldeekin eta Quico Pi de la Serra, Big Mama, Miguel Talavera eta Valentí Moya artistekin aritu da. Publizitateko estudio musikari izateaz gain, haur musikako, gospeleko, boleroetako eta pop-rockeko dozenaka diskoetan kolaboratu du. Europa osoko lehiaketetan parte hartu izan du eta harmonikako irakasle gisa ezaguna da.

  • Koko-Jean & The Tonics (20:30)

Koko-Jean Davis The Excitements taldeko abeslari ohia, front-woman gisa arituko da Zizurkilgo oholtza gainean. Alboan izango ditu The Tonics taldekoak: Anton Jarl baterian, Dani Patillas Baraldes gitarran eta Victor Puertas Hammondarekin. Soul, erritmo eta groovez betetako eztanda proposatuko dute zuzenekoan. Koko-Jean & The Tonics-ek 2020an egin zuen debuta Hairwhip diskoarekin eta aurten dira Shaken & Stirred diskoa aurkeztekoak. Soul, blues eta rock&rola dosi handiak biltzen ditu taldeak eta Orleanseko espiritu musikala ekartzekoak dira Zizurkilgo emanaldira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!