ELKARRIZKETA

«Gaur egungo ikasleek ez dute garai batean genuen motibazio maila bera»

Ataria 2022ko mar. 6a, 07:57

Iker Goenaga, Alkizan. I. TERRADILLOS

Tritikitiaz, garai batekoaz zein gaur egungoaz, aritu da solasean zizurkildarra, 'Ataria Irrati'-ko Hauspo Artean saioan; irakaskuntzan gozatzen du, eta ikasleen artean maila apalduz joan dela azaldu du.

Iker Goenaga (Zizurkil, 1974) trikitilaria izan dute gonbidatu Maixa Lizarribar eta Manex Torrealdai trikitilariek Ataria Irratiko Hauspo artean saioan. Txikitatik entzun izan ditu trikiti doinuak etxean, eta txikitan entzuten zuen musikariekin jotzeko aukera izan du, Mikel Laboa edota Oskorrirekin, kasu. Musika tresna asko probatutakoa da, baina soinu txikia bezalakorik ez dago berarentzat. Eta, urte batzuetan aldenduta izan badu ere, berriro ere lehengora bueltatu dela bien arteko erlazioa dio.



Nola definituko zenuke zeure burua?

Pasadizo bat kontatuko dizuet. Ikastaro bat ematera joan nintzen Tarragonara, Bartzelonako lagun batzuek eskatuta. Lehenengo egunean zirkulu batean eserita jarri gintuzten elkar ezagutzeko. Antolatzailea nire eskuinean zegoen, eta bera hasi zen bere burua aurkezten. Bere izena esan zuen, nongotarra den, adina… Hogei bat lagun edo ginen, eta banaka banaka joan ginen geure buruak aurkezten. Azkena ni nintzen. Zer esango nuen pentsatzen egon nintzen, eta nire txanda iristean zera esan nien: «Ni Iker naiz, eta zuek bezala, alkoholarekin arazoak ditut». Denak barrez hasi ziren.

Ez nuke neure burua definitu nahi. Musikari bezala datu batzuk ematekotan, esango nuke 1974an jaio nintzela eta zizurkildarra naizela; gipuzkoarra naiz, eta aitaren eta amaren aldetik Alkizako eta Amezketako sustraiak ditut. 1700. urtera arte gipuzkoarrak gara guztiak, baina, hor adar bat agertzen da Nafarroa aldean, Azpiroz aldean.

 

«[...] Beti erakartzen ninduen aurrekoen jotzeko erak, eta ikusten nuen desberdin jotzen zutela»



Zortzi urterekin hasi nintzen trikitia ikasten, eta hamasei urterekin irakasle moduan jarri nintzen. Hemezortzi urte nituenean grabatu nuen lehendabiziko diskoa nire arrebarekin, eta Maixa eta Ixiarrekin erdibana. Geroztik, irakaskuntzan ari naiz, eta hainbat proiektutan parte hartuz.

Zure bakarkako ibilbideaz zer gogoeta egiten duzu?

Hamaika urte nituela Kortaturen Sarri Sarri jotzen nuen, eta belarriz hasi nintzen nire kasa gauzak ateratzen. Kantuak sortzean betiko trikiti tradizionala egitea asko kostatu izan zait beti. Asko gustatzen zait, baina, ildo hori jarraitzen hasten nintzenean deseroso sentitzen nintzen. Beraz, nire kaxa hasi nintzen kantuak sortzen. Gogoan dut, telebistan Arin Arin izeneko programatik deitu zigutela. Arreba eta biok joan ginen, eta gure kantuak jotzea erabaki genuen. Martin Musika eskolan ematen nituen eskolak garai hartan, eta Joseba Tapia agertu zen eskolan, nigatik galdezka. Bide horretatik jarraitu behar nuela esan zidan, eta konfiantzaz bete ninduen. Orduan, Elkar-etik etorri zen aukera Maixa eta Ixiarrekin batera diskoa egiteko. Gure kantuen kasuan, Tapia eta Leturia Band-eko musikariak aritu ziren gurekin. Bakarkako ibilbidea horrela hasi zen. Bakoitzak bere motibazioa du abestiak egiterako orduan; soinuarekin, nire kasuan, instrumentua arakatzearen eboluzio bat dago. Oraindik, soinua hartu eta tarteka zerbait berria aurkitzen dudanean, forma eman eta kantu bat osatzea izaten da nire helburua. Musikalki horrela funtzionatzen dut. Adinean aurrera egin ahala soinua ere hobe ezagutzen duzu, eta abestietan ere beti dago eboluzio bat. Soinuarekin jolas ariketa hori garatzen jarraitzen dut egun ere.

Zein esango zenuke dela zure soinu kuttunena edo gustukoena?

Gustukoa edo kuttuna ez da gauza bera niretzat. Gustukoena soinu gorri bat dela esango nuke. Larrinaga bat da. Berez, Larrinaga Guerrini bat zen. Denborarekin deskubritu nuen soinu hori Martinena —Martin Aginalde Urbieta— izan zela. Martinek Iñaki Malbadiri saldu zion. Malbadik Lezoko Arrastoa izeneko bati. Hark Joseba Tapiari eta, Joseba Tapiari behin eta berriz eskatu ostean, niri saldu zidan. Soinu marroia zen bere garaian, Larrinaga Guerrini firmarekin, eta Do jarraituan afinatua. Lezokoarengana iritsi zenerako nahiko hondatuta zegoen, eta Larrinagara eraman zuen. Erabat aldatu zuten, eta gorri bihurtu zuten. Erregistroa mantenduz, La tonura pasa zuten. Oso zaila da Larrinaga markako soinu bat aurkitzea La maiorrean findua, eta gainera zortzidun grabearekin. Ba, hori da nire gustuko soinua.

Kuttuna, berriz, Elgetaren soinua. Elgeta trikitilariontzat maisu handi bat izan zen. Baserriz baserri transmisioan sekulako lana egin zuen. 2006an Elgetaren urteurrenaren harira hitzaldi batzuk antolatzen ari ginela bere soinua lortu genuen. Hauspoari eragin eta hautsa ateratzen zen eta pipiak hartuta zegoen. Aurreko jabeari itzuli zitzaion esanez soinu horrekin ezin zela jo. Bada, hor aukera bat ikusi nuen soinu hori niretzat lortzeko. Konpondu egin nuen, eta egun, nire kuttunena da. Orain, esaterako, Azpeitian Trikitixa elkarteak jarriko duen erakusketan egongo da ikusgai.

 

«Eskolak ematen gozatzen ez duen jende asko topatu dut, baina nire kasuan asko gozatzen dut»



Zortea izan zenuen, beraz.

Zortea baino gehiago saiatu egin izan naizela esango nuke, edo une jakin batean obsesio hori izan dudala. Ez da gauza bera duela 25 urte soinu zaharrak biltzen edo lortzen edo konpontzen aritzea edo gaur egun. Jendeak orain asko estimatzen du horrelako soinuen sonoritatea. Garai hartan agian ez hainbeste. Ni une egokian hasi nintzen bilatzen.



Eta, zeintzuk dira zure erreferenteak?

Denetarik entzun izan dut. Pentsa, gure belaunaldirako genituen erreferentziak Sakabi edota Auntxa ziren. Gero, pixka bat beranduago, Laja edota Martin. Eta, ondoren, Tapia edo Kepa. Niretzat, bereziki umetan, Auntxak bazuen zerbait berezia. Oso azkar jotzen zuen bere diskoan ikusten den bezala. Niretzat beti izan du misterio puntu bat. Baina, guztiek izan dute. Elgetaren erreferentzia aitaren bidez izan nuen. Baina, ez genuen bere grabaziorik, eta arpegia ere ez nion jartzen. Nire aitak ezagutu zuen. Hamasei urte nituela, Karmele Arrutik Elgetaren grabazio bat pasa zidan, kasete batean. Handik urte batzuetara argazki bat ere lortu nuen. Miresmen, mito puntu bat dut hor, batez ere, aitak jainko baten pare jartzen zigulako, bere belaunaldikoentzat izugarria zelako.

Nik uste dut guztiek eragin didatela neurri batean edo bestean. Soinua ezagutzen erakutsi didate. 28-30 soinu ditut etxean, hiru ilarakoak, bikoak, batekoak, denetarik. Instrumentua bera fisikoki nola dagoen osatuta kontuan hartuta, jotzeko modu batera eramaten zaitu. 86-88ko txapelketetatik hona Keparen [Junkera] eta Josebaren [Tapia] jotzeko moduarekin, jotzeko modu jakin bat garatu da. Adinaren gertutasunagatik, gure erreferentzia izan dira, baina, beti erakartzen ninduen aurrekoen jotzeko erak, eta ikusten nuen desberdin jotzen zutela.

Ze musika entzuten zen zure etxean?

Denetarik entzuten zen. Aita eta amaren artean adin tarte handia zegoen. Amak gauza modernoagoak entzuten zituen. Gogoan dut Errobi entzuten zela, Oskorri ere asko, Mikel Laboa… Letra guztiak buruz genekizkien. Aitak, berriz, Sakabi, Auntxa, Laja, Martin…, guztia trikitia. Bitxia da, gerora, Mikel Laboaren disko batean eta bere zuzenekoetan jo nuela, eta Oskorrirekin ere gauza bera… Umetan nituen erreferentzia horiekin jotzea egokitu zait, eta oso aberasgarria izan da.

Soinua ez balitz, ze instrumentu izango litzateke?

Soinua izango litzateke. Oso txikitatik sekulako obsesioa nuen soinu txikiarekin. Aitaren nahiz amaren aldetik familian trikitia jo dutenak eta trikititik akordeoira pasa direnak izan ditut. Probatu ditut beste instrumentu batzuk, dultzaina, iparraldeko xirula, teklatua, armonika… baina, niretzat soinua bezalakorik ez dago.

Une honetan, zertan ari zara?

Irakaskuntzan jarraitzen dut, eskolak ematen Pasaian. Bokazioa da niretzat irakaskuntza. Eskolak ematen gozatzen ez duen jende asko topatu dut, baina nire kasuan asko gozatzen dut. Azken lau urteetan, berriz, melodeoiarekin ari naiz. Bretainian, Irlandan eta Quebecen jotzen den instrumentuan da, ilara bakarrekoa eta hamar botoi ditu eskuinean eta ezkerrekoan bi. Hainbeste urterekin bi ilararekin aritu ostean, iruditzen zaizu ilara bakarrarekin ezin dela jo; izan ere, gure joera bi ilaren konbinaketa egitea da. Hiru bat urte pasa ditut logika hori buruan sartu nahian, oso zail egiten baitzitzaidan horretara egitea.

Zergatik melodeoia?

Ikusten nuelako melodeoia jotzeko moduak Elgetak edo Auntxak edo Sakabik jotzeko zuten moduarekin antza duela nolabait.

Zer da zuretzat trikitia?

Agian, Euskal Herriko Trikitixa elkarteko zuzendaritzan egonik, harridura sortuko dut erantzun honekin, baina, niretzat trikitia kantu bat da. Lau parte instrumental dituena eta tartean kopla bat. Horregatik, nik nire instrumentuari soinu txikia deitu diot beti, eta diskoetan horrela jarri izan dut. Hori kontzeptu bat izan daiteke. Ez zait gaizki iruditzen instrumentuari ere trikitixa deitzea. Koplarena soinu txikia baino lehenagokoa da. Soinu txikiak ehun urte inguru dituela Euskal Herrian badakigu trikitia bazetorren lehenagotik, eta panderoaren onomatopeia bat dela esan izan dugu askotan, hortik datorrela.

Eta, trikipopa, zer izan zen?

Boom bat izan zen. Erromeri taldeen inguruan eman zen. Gure kasuan, betiko errepertorioa jotzen genuen. Une batean, kantuak sortzen hasi ginen, eta erromerietan zebiltzan guztiek ere gauza bera egin zuten. Gehienek erromeriei begira, dantzarako doinuak sortu zituzten. Ni, berriz, hortik pixka bat aldenduta ibili naiz. Formatu aldetik, gehiago lotu naiz betiko erritmoetara, nahiz eta gero, sortzen dudana aldendu betiko doinuetatik. Erritmoa eta oinarria, beraz, tradizionala mantenduz. Nik ez nuen horrelako boomik izan, nire bidea egin dut, baina, musikari askorekin jotzeko zortea izan dut.

Eta, gaur egungo egoeraz zer esango zenuke?

Nik uste dut asko jaitsi dela, eta hori oso lotuta dago gizartearekin. Nik nuen motibazioa eta gaur egun nire ikasleek izan dezaketenak ez dute zerikusirik. Garai batean irakasle bezala lortzen nuen ikasleek motibazioa izatea. Gaur egun, ordea, ikasleak teknologia mundukoak dira, eta inork gutxik pentsatzen du trikititik zerbait egin daitekeenik. Irakasleen artean sumatzen den zerbait da, motibazioa eta maila apalduz joan dela. Guzti horrek, noski, zuzenekoetan eta diskoetan eragiten du. Irakasleontzat frustragarria ere izan daiteke hori, gure maila edo handiagoa lortzea izaten baita gure nahia. Baina, hori beste instrumentuekin ere gertatzen da.



Berriz bueltatuko zinatekeen plaza bat?

Zentzu horretan ez naiz oso sentimentala. Gogoan dut Larrabetzun eskainitako kontzertu oso polit bat, edota Estonian, edo nire herrian. Baina, uste dut horiek uneak izaten direla, eta ziurrenik berriz bueltatuta ez litzateke gauza bera izango, emanaldi bat egiten duzun bakoitzean beti desberdina delako. Zu ere desberdin zaude, publikoa ere bai… Esaterako, orain, pandemia garaian emanaldi bat ez da duela bost urteko bat bezalakoa. Niretzat ezinezkoa da leku berdinera itzultzea. Baina, gustura joango nintzateke ni entzun nahi nauten edozein lekutara, noski.

Zein da trikitilari batek errepertorioan derrigor eduki beharreko kantu bat?

Ez da erraza hori erantzutea. Pertsona bakoitza bizi izan dugunaren ondorengoa da. Nire kasuan, Laja eta Landakandaren Elosutik Etxesakortara kalejira esango nuke. Etxesakorta trikitilari handia izan zen. Joxe Oriarekin batera Zumarragako Trikitixa sortu eta trikitiaren diskogintza abiarazi zuen.

Non ez duzu jo eta nahiko zenuke?

Leku askotan ez dut jo, baina ez dakit non nahiko nukeen jo. Ez daukat 'fetiche' berezirik. Egia da kanpora atera naizenean badagoela soinu txikiarekiko beste miresmen bat. Hemen ohituagoak gaude, baina, taldearekin kanpoan jotzeak harridura sortzen du.

Norekin gustatuko litzaizuke elkarlan bat?

Mikel Laboarekin nahi nuen, eta egin nuen. Baina, ez naiz inoiz izan oso mitozale. Askorekin egingo nuke, ez dut bereziki bat.

Ze esango zenioke zure tresnari?

Nire tresnak badaki orain urte batzuk oso aldenduta ibili ginela. Nahiz eta irakaskuntzan gozatzen jarraitu nuen, gero etxera iristean ez zegoen modurik soinua hartu eta jotzen hasteko. Hiru bat urte oso aldenduta pasa nituen. Afarietan-eta jotzera gonbidatzen ninduten, baina ez nintzen animatzen. Egoerari buelta eman nion denborarekin, eta gaur egun egunero jotzen dut etxera itzultzean, nahiz eta eskolak ematetik bueltatu. Batxea pasa genuen, eta iraun dezala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!