Bulandegi bidearen irisgarritasuna hobetzeko lanak hasiko dituzte

Jon Miranda Labaien 2022ko ots. 17a, 11:59

Zizurkilgo Udalaren aurtengo inbertsio nagusia izango da irisgarritasun planaren lehen fasea gauzatzea; aurten lehen aldiz, lau milioi eurotik gorako aurrekontua izango dute

Trafikoarekin duten arazoari irtenbidea eman nahi dio Zizurkilgo Udalak. Elbarrena auzoa zeharkatzen duen Bulandegi bidetik egunero ibilgailu asko pasatzen dira eta sortzen diren elkarbizitza arazoei konponbidea emate aldera, oinezkoei lehentasuna ematea erabaki dute udaletik. Irisgarritasun plan bat prestatu dute. «Munta handiko proiektua da, bi milioi euro ingurukoa. Fase ezberdinetan gauzatuko dugu eta behin hasita bukaerara arte eramango ditugu lanak. Saiatuko gara erakunde ezberdinetan diru laguntzak eskatzen eta kostu horri aurre egiteko ate ezberdinak jotzen», esan du Iker Urruzola Zizurkilgo alkateak.

Aurten abiatu nahi dute proiektuaren lehen fasea, 600.000 euro inguruko kostua duena. 2022ko aurrekontuan 325.000 euro gorde dituzte Joxe Arregi plazatik Pagamuñoko aldapa ingururainoko esku-hartzea egiteko. «Zaldua inguru horretan koska mordo bat dago eta muga arkitektonikoak ezabatuko ditugu. Ingurune horretan, edukiontziak zebrabidearen beste aldera aldatuko ditugu eta Aristegi eremuaren barruan dagoen parkea eraberritu eta irisgarriagoa egingo dugu». Lehen fasearen barruan bigarren obra aldia Otaño herri eskolaren atarian egingo dute eta hara joateko aldapa ere mailakatu egingo dute oinezkoentzat egokitzeko. Hurrengo faseetan, Bulandegi bideko 19. zenbaki pareko plaza egokitu eta Illunjako bihurgunea ezabatuz bidearen bi aldeetara espaloiak egokituko dituzte.

Berriki herriko bi puntutan ibilgailuen abiadura neurtzeko gailuak jarri ditu udalak. Ostiraletik astelehenera, lau egunetan, Adunako bidegurutzetik Elbarrenera 17.700 ibilgailu sartu direla, eta 10.400 atera direla konprobatu ahal izan dute. «Ibilgailu kopuru oso altua da. Jendeak kontziente izan behar du ez dela errepide orokor bat, herri gunean sartzen ari garela, etxebizitzak, ikastetxeak eta zebrabideak daudela bertan. Badakigu saihesbidea dela soluzioa, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak oraingoz tiraderaren azpi-azpian gordeta dauka proiektua. Guk egoera honen aurrean, erantzun bat eman behar diogu herriari».

Herriko futbol zelaiaren aldamenean dagoen eremuan kirol gune berri bat eraikitzeko asmoa ere badu udalak eta aurtengo aurrekontuan 110.000 euro bideratuko ditu proiekturako. Danok Danena Halterofilia taldeari tokia egin nahi diote bertan. Urruzolaren esanetan, taldearen egoitza berriro Zizurkilera ekartzeko aspalditik egon den eskaera beteko lukete modu horretara.

Kirol gune horretan halterofilia egiteko espazioaz gain, txirrindularitza eskolarako ere tarte bat gorde nahi dute: «Asteasura doan bidegorria bertatik abiatzen da eta gune horretan aldagela batzuk egokitu nahi ditugu. Bizikletak garbitzeko eremu bat eta aparkaleku bat ere atonduko dugu». Danenako gainaldeko aparkalekua irisgarriago egiteko lanak ere egingo ditu udalak eta auto elektrikoentzat karga puntu bat ere jarriko du. 85.000 euroko inbertsioa egingo du horretarako.

INBERTSIOA GEHIAGO

COVID-19ak eragindako osasun krisiak azken garaiotan lehentasunak aldarazi ditu eta inbertsioak gerarazi. Alkateak nabarmendu du, bi urte hauetan geldirik egon diren hainbat proiekturi heltzeko aukera izango dutela aurten. 791.817 euro jaso dituzte inbertsioen atalean eta aurrez aipatutako Bulandegi bideko irisgarritasun planerako eta kirol gunerako erabiliko dute zatirik handiena.

Herrigunean egingo dituzten esku-hartzeen artean Intxaur pilotalekukoa aipatu du alkateak, aurretik egindako egokitzapenekin bukatzeko, 25.000 euro bideratuko baitituzte frontoia margotzeko. Herriguneko argindarra bermatzeko transformagailu berri bat eraikitzeko lanen zati bat ere bere gain hartuko du udalak: «Etxe Maite eta Plaza Etxeberri inguruetan etxebizitza proiektu berriak egingo dituzte eta eraikitzera doazen promotoreek egingo dute inbertsioa. Udalak gastuaren heren bat ordainduko du, 47.500 euro».

Elbarrena inguruan, berriz, Atxulondo kultur etxeko aurrezpen energetikoa bermatzeko proiektuarekin jarraituko dute aurten eta 28.800 euro baliatuko dituzte eraikineko azkeneko leihoak aldatzeko. Aiztondoko pisu babestuko leihoak eta ateak ere berrituko dituzte eta liburutegi ondoko biltegia egokituko dute.

Hain zuzen, udal eraikinetan piktogramak jartzeko konpromisoa hartu du alkateak aurtengo urtean. Herriko gainerako seinalizazioa etengabe berritzen eta moldatzen joateko borondatea ere agertu du. Zizurkilgo parkeak berritzen joateko plangintza ere martxan jarri nahi dute aurten: «Urtero bi parke berritzea da gure helburua eta horretarako diru kopuru bat gorde dugu».

Aurten Zizurkilgo Udalak hainbat eragileekin hitzarmenak sinatuko ditu proiektu jakinak aurrera eraman ahal izateko. Oinherri herri hezitzaileen sareko kide da Zizurkil eta ekimen hori babesten jarraitzeko konpromisoa agertu dute udal ordezkariek. Elhuyar fundazioarekin lankidetzan, Bizilabe egitasmoarekin aurrera jarraitzeko borondatea dute Zizurkilen eta Goienerrekin hitzarmena sinatuko dute, herriko efizientzia energetikoan aurrera pausoak emateko. «Kulturaren arloan, Pello Mari Otañoren pelikulari babesa emango diogu, eta parekidetasun arloari dagokionez, Tolosaldeko Emakumeen Etxea martxan jartzeko gure ekarpena egingo dugu», esan du alkateak. Halaber, Giza Eskubideen Ikerketarekin jarraituko dute Zizurkilen 2022an.

KONTU OREKATUAK

Udalak, aurten, 4.143.029 euroko aurrekontua izango du, iazkoa baino %17,2 altuagoa. Foru funtsaren ekarpena handitu dela azaldu du alkateak eta zerga eta tasak igo egin direla iazkoarekin alderatuta. «Dena den, gastu arruntak ere egokitu eta eguneratu egin ditugu, bizitza maila gora doala ikusita».

Zizurkilgo Udalak gastuei aurre egiteko kreditu bat eskatuko du, baina Urruzolak azpimarratu nahi izan du, horrek ez duela udalaren zorpetze maila handituko. «Gaur egun 658.000 eurotan dago udalaren zorpetze maila, %18,5ean. EH Bildu udal gobernura iritsi zenean 2011n, %100ekoa zen maila hori eta hamar urte luze hauetan egoerari buelta ematea lortu dugu. Nahiago dugu zorra orain dugun maila horretan mantendu, gizarte zerbitzu onak eskaintzeko bada. Hori da gure filosofia».

Urtarrilaren 31ko osoko bilkuran onartu zuen aurrekontua Zizurkilgo Udalak, EH Bilduren aldeko bozkekin eta EAJ eta PSE-EEren abstentzioarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!