ERREPORTAJEA

Dualismoa gainditzeko aldarria

Imanol Garcia Landa 2022ko ots. 18a, 07:57

Bertso ikuskizuna sortu eta taularatu duen laukotea. LANKU

Bertsoren munduak batu zituen, eta orain, Lanku kultur zerbitzuak enpresaren eskaerari erantzunez, Erre, aldarri bat bertsoz ikuskizuna sortu dute, bere arteko harremana beste maila batera eramanez. Sormena zerbait politiko bezala hartzen dutenez, garbi zuten kritika soziala egiteko baliatuko zutela emanaldia.

Erre, aldarri bat bertsoz emanaldia ikusi eta entzuteko aukera izango da, bihar, Zizurkilen, 19:00etan hasita, Atxulondo kultur etxean. Zizurkilgo sarrera guztiak agortuta daude baina martxoaren 9an, 19:30ean, Tolosako Topic zentroan ere izango dira. Bertso munduak batu zuen ikuskizuna sortu eta oholtza gainean defendatzen duen laukotea: Haizea Arana, Leire Vargas, Aner Euzkitze eta Oihana Arana. Lanku kultur zerbitzuak enpresatik jaso zuten eskaera lana sortzeko, eta aurreko udan ekin zioten ikuskizuna mamitzeari. 

Emanaldia definitzea «zaila» dela dio Vargasek: «Izan ere, halako hibrido bat da. Bertso emanaldi bereziek oro har bertsoa beste arte diziplina batzuekin batzen ditu. Esaterako, Miren Amuriza eta Askoa Etxebarrietaren Gorriak emanaldiak bertsoa eta flamenkoa batzen zituen. Gure kasuan bertsoa eta beste askotariko diziplinak, gu bertsotan ibiltzen garelako». Oihana Arana eta Vargas bera literaturan aritzen dira, eta Euzkitze musikaria da. «Pixka bat hortik tira egin nahi izan dugu, eta ez adierazpen modu bakarrarekin geratu», esan du Vargasek. Emanaldia hamar ataletan banatuta dago eta bakoitzak badu bere forma. «Antzerkiarekin dago agian bertsoa uztartuta gehien; azkenean agertokian gaude uneoro antzezten ari garelako. Badago literatura, badago musika, badago nolabaiteko dantza ere, nahiz eta horretan ez garen batere trebeak; baina, hain zuzen ere, hori aldarrikatu nahi izan dugu, ez dagoela bikaina izan beharrik zerbait jende aurrean egin ahal izateko, adierazi ditzakezulako hainbat gauza, hala moduz eginda ere».

Gidoia itxia da, ez da, beraz, inprobisaziorik izango bertsotan ari direnean. «Dena prestatuta dago, eta denbora eta energia inbertitu dugu testuan, jokatu nahi izan dugulako bertso munduan eta askotan bat-batean egitean dauzkagun inertziekin: forma zehatz batzuk nola lotzen diren gai batekin edo tonu batekin, eta horri buelta eman eta egiteko beste bide batzuk bilatu eta horrekin jokatu nahi izan dugu». Testua itxia bada ere, aldaketa bat edo hobekuntzaren bat egin daitekeela ikusten badute, emanaldi batetik bestera egingo dituzte konponketak. «Hori da, besteak beste, antzerkiak ematen duen abantailetako bat», zehaztu du Vargasek.

Izenburua, eta bereziki azpititulua, Aldarri bat bertsoz, ikuskizunaren mamia zeren inguruan den azaltzeko balio du. «Nahiko egokia da, orokorrean emanaldiaren helburua kritika bat egitea delako, halako kritika sozial bat», zehaztu du Vargasek. Horretarako marko gisa hartu dute «gure pentsatzeko era eraikitzen duten dualismoak, hau da, nola irakatsi diguten mundua ulertzen dualismoetatik abiatuta». Eta zenbait adibide eman ditu: «Gauza bat ona da, txarra ez delako, edo handia da, txikia ez delako, edo beltza da zuriaren kontrakoa... Kontziente gara kategoria horiek guztiak artifizialak direla, eta hori ikusarazi nahi izan dugu, kategoria horiek askotan botere harremanak ahalbidetzen eta naturalizatzen dituztelako». Dualismoaren aurrean, «bi mutur horien tartean dagoen horretan fokua jartzera joan gara, eta hori aldarrikatzera, nolabaiteko ordenarekiko apurketa eginez».

Leire Vargas: «Bertsoa eta beste askotariko diziplinak [batzen ditugu], gu bertsotan ibiltzen garelako» 

Gaiak aukeratzean hurbilen bizi dituzten dualismoei heldu diete. «Adibidez, guztiak bollerak eta marikak izanik, aukeratu dugu heterosexualen eta ez heterosexualen arteko bereizketa hori, eta baita genero bereizketa ere. Gazte etiketarekin bereizten gaituztenez, baita gazte eta zahar bereizketa hori ere». Dualismo horretatik sortzen diren gatazka asko bertso munduan ikusten dituzte hezurmamituta: «Nahiz eta orokorrean gizartean existitzen diren botere harremanak izan, guk gure ekosistema propioan bizi ditugu. Beraz, dualismo batzuk lantzen ditugu bertso munduko errealitateak ikusaraziz, eta beste batzuk gehiago gauza orokorretatik».

Sorkuntza zerbait politikoa bezala bizi dute laurek, gizartean nolabait eragiteko. «Hasi ginenean landu genitzakeen gaiak zerrendatzen, segituan atera zen generoaren kontua, edo heterosexualitatearena, edo gaztetasunarena, azkenean gure bizitza baldintzatzen duten gauzak direlako. Nahiko logikoa zen hortik abiatuta sortzea», esan du Vargasek. Kritika egiteaz gain, autokritika ere egin dutela dio: «Ez da dena kanpora begirakoa. Geure burua ere jarri nahi izan dugu pixka bat barrura begira». Egiten dute kritika hori ez dela beti zurruna eta hotza nabarmendu du: «Forma askotan agertzen da, eta askotan parodiaren bidez egin dugu. Umoreak pisu handia du emanaldian, eta bide askotatik lantzen saiatu gara».

Sortzearen prozesua 

Lanku kultur zerbitzuak enpresak aurretik egon diren bertso emanaldiak ekoitzi dituzte, eta aurreikusi zuten hutsune bat gertatuko zela, Gorriak eta Erradikalak ginen emanaldiek beraien jarduna aurreko urtean bukatu zutelako. «Ikusten zuten bazegoela beharra beste zerbait sortu eta eskaintzeko, eta lauroi batera zerbait egiteko proposamena iritsi zitzaigun», esan du Vargasek. «Lagunak ginen, eta esan genuen aukera bat zela sortzeko gu garenetik, gu nahi dugunetik. Gainera, Lankuk ezagutzen gaitu eta guri eskaini badigute, badakigu hor badagoela arrazoi bat, eta guk ere konfiantza dugu eurekiko. Beraz, zalantza gutxi izan genuen lan honetan murgiltzeko».

Gidoia laurek idatzi zuten udan zehar, eta gero irailean hasi ziren eszenaratzea lantzen. Prozesuan ikusi zuten bazutela antzerki mundutik zetorren norbaiten beharra, eta Lankurekin batera erabaki zuten Edurne Azkarateri eskatzea taldeko parte izateko. «Aurretik ezagutzen genuen eta bagenekien behargin fina dela, eta zorte handia izan dugu, ekarpen funtsezkoa egin diolako emanaldiari, eta baita guri ere», azaldu du Vargasek.

Sormena lantzeaz gain, euren burua gehiago ezagutzeko aukera izaten ari dira. «Bestalde, eskatu digu ere banaketa lan bat egitea, hau da, hauek gara gu lagunarteko giroan gaudenean, eta hauek gara gu lanean. Ezberdintasunak ditugu lana egiterakoan eta ikuspegi artistikoari dagokionez, baina ez da ezer pertsonala eta jakin egin behar da lan egiten zugandik ezberdina den jendearekin», esan du Vargasek, eta gaineratu: «Nik uste dut asko ikasi dugula geure buruari buruz, eta baita ondokoei buruz. Eta Edurnerekin ere asko ikasi dugu antzerkiari eta orokorrean horrelako emanaldi eszeniko bat sortzeari buruz. Hori beste kontu bat da, baina oso beharrezkoa ere». Bide horretatik, gidoia idazterakoan ondo zekiten, testu bat batek edo besteak abestuta ere, lauren izenean zihoala. «Laurok egon behar ginen ados, konforme eta gustura sortutako horrekin, eta hori buruhaustetxoa izan da, baina uste dut beharrezkoa dela».

Leire Vargas: «Orokorrean emanaldiaren helburua kritika bat egitea da, halako kritika sozial bat»

Antzeztearena nahiko berria izan da beraientzat. Vargasek berak ikastolan ikasgai bezala antzerkia hautatu zuen. «Uste dut Anerrek zer edo zer egin duela, baina gutxi egin dugu orokorrean. Nahiko berria zen dena». Ikuskizunaren estreinaldia orain gutxi egin dute, otsailaren 5ean, Durangon, Vargasen jaioterrian, eta ondo du gogoan: «Uste dut ederra dela estreinaldia definitzeko hitza. Guk asko gozatu genuen, eta ikusleek guri erakutsi ziguten erreakzioa oso positiboa izan da, oso epel sumatu genuen ikuslegoa, beraz, sekulako gozamena izan zen guretzako». Zentzu batean, «oso lasaigarria» izan zela dio: «Oso urduri geunden, baina atera zen eta atera zen ganoraz. Behintzat ikusi dugu egin dezakegula egin behar den bezala, eta aurrera begira nerbioak pixka bat alde batera utzita, gogotsu gaude beste ezer baino gehiago».

Emanaldi batzuk dagoeneko hitzartuta dituzte, eta pozik daude. «Hilabeteetan egon gara honetan lanean eta orain ordaina etorriko delakoan gaude, beraz, aprobetxatzeko gogoz gaude», esan du Vargasek. Iruñean egin zuten asteartean, gaur Aretxabaletan daude, eta bihar Zizurkilen izango dira, eta martxoaren 9an berriz, Tolosako Topic zentroan izango dira. Bertso ikuskizun berriak bide mardula egingo duela dirudi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!