'Overbooking'a Plazida Otaño liburutegian

Erabiltzailearen aurpegia Maider Barandiaran 2022ko urt. 23a, 20:58

Urteak dira literatura-tertuliak lehen aldiz bizitu genituela etxekook. Orduko hartan, alabak haur zirela, orain herriko liburutegiaren izena hartu duen abizen bereko ikastetxean piztu zen lehen txinparta guretzat. Pedro Mari Otañoko mediatekako hormen artean biltzen genituen alaben iritzi lotsatiak, haien ikaskideen beldur naturalak, irakasleen eta, bereziki, parte hartzen genuen gurasoon pozarekin batera.

Geroztik, askotan baliatu ditugu bizitzeko ipar gisa artean izendatzen ere asmatzen ez genituen emozioen kikili-salda hartatik edandako bitamina-tantak.

Gaur egun, berriz, euskarazko letren zopa haren lapikoari ere pizten diogu su txikia Plazida Otaño liburutegiko sukalde berrian, hiruhilekoan behin Nitik gurako zubia eraikiz.

Izan ere, behin liburua nork bere txokoan, epelean, irakurrita, herriko irakurle taldean partekatzen dugu. Han ematen diogu segida tertuliarako beti pronto agertzen garen kuadrilla osatzen dugun hamaika lagunek. Besteek zer ulertu duten entzuten dugu eta hala, esanahia eraikitzeak eta zentzua sortzeak, banakakoa izateari uzten dio, ezinbestean kolektibo bihurtuz.

Saio gehienetan gainera, hizketarako abiapuntu hartzen dugun liburuaren idazlea bera gurekin izan ohi denez, horrek bide ematen digu (irakurleoi zein idazleei beraiei) komunitate txiki bat osatzearen onurak bizitzeko.

Nolanahi ere, badirudi irakurzaletasuna bultzatzeko trikimailu magikoena ez dela irakurle taldeen dinamika hau. Ikusi besterik ez dago bestela zein adin tarteren bueltan gabiltzan gerturatzen garenak: izango da tartean 30 urtekoren bat edo beste, baina, gehientsuenak 50 urteren ingurumarian edota hortik gora gabiltza. Esan gabe doa, emakumeak garela guztiak, oro har; saio pare batean etorri diren hiruzpalau gizonezko salbu.

Nolanahi ere, badirudi irakurzaletasuna bultzatzeko trikimailu magikoena ez dela irakurle taldeen dinamika hau. Ikusi besterik ez dago bestela zein adin tarteren bueltan gabiltzan gerturatzen garenak.

Hara zer diren kasualitateak, ordea. Lerrootan ideia hauek kontatzen nenbilela, Irakurle taldeko mezua jaso dut telefonoan. Aforoa bete da Amets Arzallusekin batera, Miñan abiapuntu hartzera goazen hurrengo tertulia-egunerako. Gainera, ozta-ozta, baina lekurik gabe geratu naizela jakinarazi didate. A ze mina.

Alaba etxeratu denean, baretu zait, hala ere. Izena eman omen du Miñanen tertuliarako. Alegia, lekukoa hartu duela lekua kendu didan arren. Ez da sendabide txarra.

Beraz, aforoak gainezka egin duen honetan, akaso, borborka hasiko da kikili-salda bitamina berriak sortuz. Ezin jakin, baina, eutsi diezaiogun bizirik txinpartari. Izan ere, badakizue, eltzea sutan probatzen omen da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!