Eskola kirola martxan jartzearen beharra azpimarratu du Zizurkilgo Udalak

Ataria 2022ko urtarrilaren 14a

EH Bilduk Gasteizko legebiltzarrean egin duen eskakizunarekin bat egin du udalak eta eskola kirola berriro egiteko aukera eman dezaten eskatu du.

Zizurkilgo Udalak eskola kirolak haurren osasunean duen eragina azpimarratu du. Koronabirusaren seigarren olatuaren inguruan hartutako neurrietako bat eskola kirolaren etenaldia izan da eta udalak esan du horrek "ezinegona" sortu duela hainbat herritar eta eragilerengan. "Azken bi urtetan zehar askotan ikusi dugu haurrek jasaten dituztela neurririk gogorrenak eta halaxe gertatu da oraingoan ere", esan dute udal ordezkariek. .

Osasun larrialdi egoeran egonda, udalaren ustez kontuan hartu behar dira osasuna sustatzen laguntzen duten jarduerak, hala nola eskola kirola. "Ohitura osasungarriak hartzea errazten du eta baita sozializatzeko alternatibak eskaini ere. Jarduera fisikoa ezinbestekoa da. Une honetan, ordea, debekatua daude kirol lehia ez profesional edo ez erdi-profesionalak eta eskola kiroleko jarduerak".

EH Bilduk Gasteizko ganberan legez besteko proposamena aurkeztu berri du, Lakuako gobernuari eskatzeko urtarriletik aurrera eskola kirola berriro egiteko aukera eman dezan, burbuilak mantenduz. Zizurkilgo Udalak ere eskakizun horrekin bat egin du, eskola kirola berriro ere martxan jarri dadin, "burbuilak mantenduz, espazio irekietan, aldundi, udal, klub eta federazioekin lankidetzan eta egoera epidemiologikoak eskatzen dituen neurriak betez, kluben irizpideak kontuan hartuz".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!