Elkarrizketa

«Oso tristea iruditzen zait 25 urterekin etxera joan behar izatea»

Asier Imaz / Imanol Garcia Landa 2022ko urt. 13a, 07:59

Pena handiz hartu du pilotari zizurkildarrak enpresak bere hitzarmena ez luzatzea. Betidanik gustuko izan du pilotan jokatzea eta horretan jarraituko duela esan du.

Baiko Pilota enpresak ez dio luzatu hitzarmena Jon Erasuni (Zizurkil, 1996). Larunbatean jokatu zuen bere azken partida enpresarekin, Labrit pilotalekuan. 2016an egin zuten debuta Beotibarren, eta urte hauetan 200 partida inguru jokatu ditu profesional bezala.

Momentu zailak bizitzen ari zara, ziur aski.

Bai, batez ere txikitatik nire pasioa izan dena eta beti gustatu izan zaidana beste era batera egiten jarraituko dudalako. Penarekin, baina biziak aurrera jarraitzen du eta pilotaz disfrutatzen jarraituko dut beste modu batera.

Baikok abenduaren amaiera aldera jakinarazi zuen ez zenuela beraiekin jarraituko. Zuk erabakia noiztik zenekien?

Enpresak publikatu baino egun bat lehenago jakinarazi zidaten. Azken momentuan izan zen; nire ustez berandu hartu zuten erabakia.

Zer hitzarmen mota zeneukan?

Hiru urtetarako hitzarmena nuen eta abisatu zidatenean hamabost bat egun geratzen ziren hitzarmena bukatzeko.

Aurretik galdetu zenien enpresakoei luzatzeko asmoa ote zuten?

Ez, ni enpresaren zain nengoen ea zer esango zidan, ez nekien baiezkoa edo ezezkoa izango zen, eta beraiek abisatu zidatenean orduan jakin nuen.

Zure aldetik jarraitzeko asmoa zenuen, ezta?

Bai, 25 urte izanik eta pilotarako gogoa izanik, jarraitzeko gogoa nuen, baina beraiek erabaki dute ezezkoa eta nik erabaki horren kontra ez daukat zer eginik.

Enpresatik azalpenik eman zizuten?

Esan zuten egoera txarra dela, partida gutxi daudela eta pilotari kopurua murriztu egin beharra dutela.

Erabakiaren berri jasotzerakoan zer etorri zitzaizun burura?

Pena handia, eta amorru pixka bat ere bai barruan. 25 urte ditut eta azkenaldian maila ona erakusten ari nintzen... Baina erabaki hori hartu zuten, eta esan bezala, horren aurka ezin dut ezer egin.

Oinatz Bengoetxeari ere ez diote luzatu hitzarmena, berak beste urtebetez jarraitu nahi bazuen ere. Zure kasuan, esan bezala, 25 urte dituzu...

Oinatzen kasuan urte asko jokatutakoa da, pilotari handia izandakoa; nire kasuan 25 urterekin karrera guztia aurretik nuela ez didate luzatu hitzarmena, eta uste dut pilotako urterik onenak kentzen zaizkidala. Oso tristea iruditzen zait 25 urterekin etxera joan behar izatea, baina egungo enpresaren politika horrela da, eta espero dut hemendik aurrera ni izatea azkena 25 urterekin etxera joaten dena. Ez dut uste horrela izango denik, baina iruditzen zait pilotarentzako onuragarria izango zela 25 urteko pilotari bat etxera ez bidaltzea.

Zer balantze egiten duzu profesionaletan egindako ibilbideaz?

Denetarik izan dut. Hasieran emaitza onak lortu nituen, eta aurreneko txapelketan txapeldun geratu nintzen. Momentu onak izan ditut eta txarrak ere bai. Lehen mailan jokatzeko gogo horrekin geratzen naiz.

Palmaresari begiratuta, binakako txapela jantzi zenuen eta buruz buruzko final batera ere iritsi zinen, biak promozio mailan.

Horiez gain, binakako beste final bat ere jokatu nuen. Binakakoa irabazi nuenean, hasiberria nintzen eta ilusio handia nuen. Buruz buruko finala jokatzea ere garrantzitsua izan zen, bigarren mailan dagoen gauzarik handi eta politena da. Gainera, azkenaldian atzelarientzako oso zaila da, jokatzeko modua aurrelarientzako modukoa delako, dena airera jokatuz. Atzelariek urte guztian atzean jokatu eta denbora gutxian egokitu egin behar dute atzean jokatzeko modu horretara, eta ez da erraza.

Eta momentu jakin bat aukeratuko zenuke?

Ez dakit... Aldagelan giro ona izan dugu, gustura ibili gara, beti lagun artean, eta orain ez zait anekdota bat burura etortzen. Aldagelan egin ditudan lagunekin geratzen naiz batez ere.

Azken partidan, zure enpresako pilotariez gain, Aspe enpresakoak ere izan ziren, tartean Jokin Altuna.

Eskertzekoa da bai Altunak eta bai nire enpresako pilotariek emandako oroigarriak. Oso eskertuta nago, eta beti gogoan izango dut nire taldekideek eta pilotariek egindako agurra.

Azken partida hori Iñaki Artola aurrelari zenuela jokatu zenuen. Polita izango zen.

Bai, Artolarekin gainera betidanik oso harreman ona izan dut, oso ingurukoak gara eta betidanik ezagutzen dugu elkar. Enpresak esan zidanean azkeneko partida Artolarekin jokatuko nuela ilusioa egin zidan.

Zure ingurukoek nola jaso dute enpresak hitzarmena ez luzatzea?

Pena handiz. Ikusten genuen posible zela ere ez berritzea, baina 25 urte edukita eta ikusita pilotan jokatzeko maila badudala, pena handiarekin hartu dute. Aurrera jarraitu beharra dago, bizitzak horrelako kolpeak ematen ditu eta aterako gara horretatik ere.

Horrek ez du esan nahi pilota mundua utziko duzula.

Ez, afizionatuetan jokatzeko ere aukera handia baitago. Nik pilotan jokatzeko gogoa dut eta jarraituko dut jokatzen osasunak laguntzen didan bitartean. Beti gustatu izan zaidan gauza bat da eta ez diot utziko pilotan jokatzeari. Orain aste batzuk lasai hartuko ditut, eta gero pixkana berriz martxan jartzeko asmoa dut. Ez dakit zer klubekin-edo ariko naizen, baina gogoz nago berriro ere pilotan gerra emateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!