Zizurkil lorautseztatzeko prest

Jon Miranda Labaien 2021ko abe. 29a, 19:59

Plazaetxeberri eraikinaren etorkizunaz erabakitzeko prozesuak, gobernantza partekatzeko herri proiektu bati eman dio bidea; publikoa, kooperatiboa eta komunitarioa den eredua adostu dute

Herrigunean dagoen Plazaetxeberri eraikina eskuratu ondoren, haren etorkizunaz erabakitzeko parte hartze prozesua abiatu zuen duela bi urte Zizurkilgo Udalak. Lehenengo bilera hartara gerturatutako herritar eta eragileen artean zeuden Herribizigune elkarteko kideak ere. Haiek hartu zuten prozesua dinamizatzeko ardura eta adostutako metodologia eta dinamikak jarraituz herritarren ekarpenak jaso dituzte 2019tik hona. Abendu hasieran aurkeztu zuten azken txostena. Prozesu publiko, komunitario eta kooperatiboa izan dela azpimarratu dute elkarteko kideek eta nabarmendu dute bidean konturatu direla oinarri horietan finkatuta kudeatu nahi dituztela etorkizunean, ez bakarrik Plazaetxeberri, baita herriko beste hainbat ekimen ere. Gobernantza partekatuaz ari dira.

«Hasiera batean ez geneukan horrelakorik buruan, baina ibilbideak berak erakutsi digu beste gobernantza eredu batzuk landu ditzakegula. Ez da soilik elkarte baten eta udalaren arteko harremana, harago jo nahi dugu eta iruditzen zaigu egiteko modu berri horren garapen logiko eta normalena herri kooperatiba bat sortzea dela», esan du Mikel Egibar Herribiziguneko kideak. Baieztapenarekin bat dator Iker Urruzola alkatea ere: «Batzordean aurkeztu den azken txostenak zuzenean interpelatzen du udala eta iruditzen zaigu gobernantza eredu berri baten bila jo behar dugula. Udal gobernuan argi dugu hori dela modua herritarrak boteretzeko, erabakiguneak ahalduntzeko eta erakundeetako boterea konpartitzeko».

Behin azken txostena aurkeztuta, alde guztiek hartu dute konpromisoa kogobernantza eredu horri forma juridikoa emateko eta herritarrekin batera, herri kooperatiba sortzeko pausoak emateko. Plazaetxeberri eraikinean eta Herrigunean abiapuntua izan duen ekimena Zizurkil osora zabaltzeko beharraz hitz egin du Urruzolak: «Kontuan izan behar da Herrigunea indartzen den neurrian Zizurkil herria ere aberastu egiten dela. Komunitatea indartu nahi dugu eta gure herriarekiko atxikimendua bultzatu».

KOMUNITATEA KOHESIONATUZ

Batzordean parte hartu duten herritarrek partekatu duten kezkaren berri eman du Alaitz Mujika Herribiziguneko kideak. «Sumatzen genuen komunitatean higadura bat ematen ari zela eta ados geunden Plazaetxeberri izan zitekeela herria indartzeko eta sendotzeko tresna bat». Oinarriak finkatzeko bi urteotan egin duten lanketa teorikoaren barruan, datuak biltzeko galdetegi eta pintxo tertuliak antolatu dituzte, dokumentazio lanak egin eta beste esperientzia batzuk ezagutzeko txangoak egin dituzte, eta formazioa jaso dute. Emaitza «polita» izan dela nabarmendu du Mujikak, norberak dituen abilezia, irudimen eta sormena txertatu dituztela publikoa, komunitarioa eta kooperatiboa izango den herri proiektua definitzen.

Ibilbide honetan, proiektuaren kantoi-harria bihurtu dute ekonomia sozial eraldatzailea. «Garrantzia handia ematen diogu ekimen kolektiboaren balioari. Uste dugu benetan proiektu eraldatzailea izan dadin, oreka ekologikoan jarri behar dugula arreta, bizitzak erdigunean jarri eta burujabetza ezberdinei egin behar diegula lekua», esan dute Herribiziguneko kideek.

Aldi teorikoaren amaierara iritsi dira prozesuaren ondorioen txostena aurkeztuta. Parte hartzaileek azpimarratu dute guztien adostasunaren sinbolo eta emaitza dela txostena eta orain beste dinamika baten murgilduko direla. 2022an gobernantza partekatzeko eredu berriari forma emango diote eta sortuko den erabakigune berri horretatik emango dituzte pausoak Plazaetxeberri eraikinaren kudeaketa zehazteko.

Parte hartze prozesuan Pello Mari Otaño plazako eraikinean lekua izan dezaketen sei behar identifikatu dituzte. Ekimen horietako bizpahiru epe motzera martxan jartzeko urratsak eman daitezkeela uste du Mujikak: «Plazaetxeberrik aukera asko eskaintzen ditu baina dagoen egoeragatik zaharberritze lanak behar ditu. Inbertsio handia egin behar da. Plangintza bat adostu beharko dugu eta auzolana sustatu eraikina moldatzen joateko. Norberak dakienetik, ekarpen guztiak izango dira ongi etorriak».

Dena den eraikin guztia prest eduki aurretik proiektu horietako batzuk «modu xumean» martxan jarri daitezkeela uste dute Herribiziguneko kideek. Eraikinaren sotoan dagoen espazioa elkarlanean egokitu, eta bertan, elikadura gunea, kultur areto eleanitza eta topagune sozio-komunitarioa martxan jartzeko asmoa dute 2022an. «Abiatzeko aukera ikusten dugu. Ea zer ikasten dugun bidean, eta joango gara denborarekin eraikina ekintza gehiagorekin betetzen», esan du Mujikak.

Dinamika baten amaiera eta aldi berri baten hasiera izango da 2022a. Misio hori jarri diote euren buruari datorren urterako: herri proiektua egituratzea, jendartean ilusioa piztea eta herritarrak erakartzea, proiektu honen parte izan daitezen. «Zizurkil lorautseztatzeko prest gaude».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!