Kulturaz gozatzeko moduan dira Zizurkilen

Ataria 2021ko abe. 22a, 18:00

Eskaintza zabala prestatu du Zizurkilgo Udalak datorren urteko lehen hiruhilekorako; Gaztezulotik ere, Gabonetako oporretarako eskaintza egin dute.

Kulturaren aldeko apustua egin eta urte berriari begira kultur programazioa prestatu du Zizurkilgo Udalak. Batetik, Gaztezulokoekin, Gabonetako oporretarako ekintzak prestatu dituzte, eta bestetik, urtarrilaren 4tik hasita, apirilera bitarte, herritar guztiei begirako egitarau antolatu dute. Musika, antzerkia, bertsoa, zirkua, denetarik izango da.

Umorearen bueltan antolatu dituzte saio gehienak, antolatzaileek uste dutelako "egoerak merezi duela beste betaurreko batzuekin begiratzea, momentu batuetarako bada ere". 

Herritarrengan pentsatuta osatu dute programazioa, baina bigarren helburu bat ere baduela esan dute Ainhoa Larrea kultur teknikariak eta Maite Amenabar kultur zinegotziak: "Besteak beste, gure inguruko sortzaileak babestea. Pandemiak zaildu egin die euren lana plazaratzeko bidea, eta Zizurkilen egoera hori arintzeko asmoz, saiakera bat egin nahi dugu". Izan ere, esan dute pandemia garaian "inoiz baino argiago" geratu dela "garrantzitsua dela elkarri babesa ematea eta kultura zaintzea, kultura segurua delako".

Gabonetako oporretara begira, Gazteluzoren bidez, gaztetxoentzat ere aisialdirako ekintzak antolatu dituzte. DBHko ikasleentzat, beraiek antolatutako ping-pong txapelketa izango dute, abenduaren 29an. Eta bi irteera ere antolatu dituzte: Gasteizko Gorbeia parkera joango dira, salting parkera, abenduaren 30ean, eta abenduaren 5ean Txuri Urdin izotz jauregira egingo dute irteera.

Horrez gain, LH 4, 5 eta 6. mailetako ikasleentzat Iruñeko Rocopolisera irteera prestatu dute, eskalatzen ibiltzeko, abenduaren 28rako. Urtarrilaren 4an, berriz, serigrafia tailerra izango da, kamisetak egiteko tailerra, Janire San Sebastian herritarrak emango duena, eta urtarrilaren 7an xaboi tailerra izango dute. 

Gaztezuloko ekintzetan parte hartzeko izena eman beharko da Gaztezulon bertan edo, bestela, udal bulegoetan. Eta gainerako programaziorako ere gonbidapenak eskatu beharko dira udaletxean. 

Kultur egitaraua

Urtarrilak 4

'Bidaibizitzen' zirku ikuskizuna

17:00

Atxulondo kultur etxean

Urtarrilak 8

Iker Laurobaren kontzertua

22:00

Joxe Arregi plazako estalpean

Urtarrilak 14

Garbiñe Larrearen 'Sendabelarrek dakitena' liburuaren aurkezpena

19:00

Iriarte kultur etxean

Urtarrilak 21

Jakoba Errekondoren egutegiaren aurkezpena

19:00

Iriarte kultur etxean

Otsailak 6

'Kutsidazu bidea, Ixabel' musikala

 

Intxaur frontoian

Otsailak 19

ERRE bertso ikuskizuna

 

 

Martxoak 6

'Luze edo motz', Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoregileen eskutik

 

 

Martxoak 26

'Gu primer!' amtzerkia, Xentimorik gabe taldearen eskutik. Inazio Tolosa, Ramon Agirre eta Nerea Gorriti aktoreekin.

 

 

Apirilak 2

Zizurkilgo Blues Gaua

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!