Pilota partidekin emango diote hasiera Zizurkilgo Kirol Asteari

Tolosaldeko Ataria 2021ko abe. 16a, 07:57

2019ko Gau Kroseko irudia.

Zizurkilgo Udalak herriko eragileekin batera Kirol Astea antolatu du; gaurtik hasi eta igandera bitarte luzatuko da.

Zizurkilgo Udalak Kirol Astea antolatu du. Gaur hasi eta igandera bitarte kirol ezberdinak ikusi eta praktikan jartzeko aukera izango dute zizurkildarrek. Gaur, pilota izango da protagonista, eta Ziotzako pilota eskolako haurrek jokatuko dituzte partidak.

Bihar, Iker Karrera eta Unai Ugartemendiaren bisita jasoko dute, eta Bidea Ipar liburua aurkeztuko dute. Larunbatean, berriz, 12 orduz kirolean eguna izango dute.

KORRIKA ETA BIZIKLETAN

Larunbatean egingo dute Zizurkilgo XXIV. Gau Krosa, 22:30ean hasita, eta ordu erdi lehenago, Haurren Gau Krosa izango da. Osasun egoera dela eta, aurretik eman behar da izena, eta gehienez ere 150 korrikalarik parte hartuko dute. Izen ematea hiru euro ordaindu beharko da, eta Herrikrosa.eus web orrian edo Zizurkilgo Udal bulegoetan egin beharko da.

2005. urtearen aurretik jaiotakoek zazpi kilometro egin beharko dituzte; 2006-2008 artean jaiotakoek 2,5 kilometro; 2009. urtearen ondoren jaiotakoek aldiz, kilometro bat egin beharko dute; lehenengo 850 metroak kontrolpean eta azken 150 metroak libre.

Danena txirrindularitzak antolatuta, berriz, Bizikleta ibilaldia izango da, igandean. Adinaren arabera banatu dituzte irteerak Joxe Arregi plazatik hasita.

Larraulera Ur Maratik (12km) LH3-4koentzat; LH5-6koentzat, Alkizara (15 km); DBH1 eta 2koek, Larraul eta Alkizara (17 km) eta DBH 3 eta 4koek Andazarratera igo beharko dute (20km).

ZIZURKILGO KIROL ASTEA

Gaur, hilak 16
17:00. Ziotza Pilota eskolako umeen partidak, Intxaur pilotalekuan.

Hilak 17, ostirala
19:00.Bidea Ipar liburuaren aurkezpena, Iker Karrera eta Unai Ugartemendiarekin, balio anitzeko gelan.

Hilak 18, larunbata
12 orduz kirolean Zizurkilen.
11:00.Kirol eta jokoak haurrentzat, Intxaur frontoian ZEKen eskutik. 17:00-19:00. Patin ikastaroa Intxaur frontoian, ume, nerabe eta gazteentzat.
22:00. Haurren Gau Krosa.
22:30. Zizurkilgo XXIV. Gau Krosa.

Hilak 19,igandea
Danena taldeko kirolez gozatzeko eguna.
09:30. Danena txirrindularitzak antolatuta. Joxe Arregi plazatik abiatuz, gurasoak ongi-etorriak izango dira.
12:00. Denok Danena Halterofilia txapelketa, plazako estalpean. Danena futbol preferente mailako Danena eta Zumaiaren arteko partida jokatuko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!