Oroimen historikoa eta gertuko oroimena ikertuko ditu Aranzadik Zizurkilen

Jon Miranda Labaien 2021ko abe. 9a, 19:59

Zizurkilgo Udalak hitzarmena sinatu du Aranzadirekin. Herrian izan diren giza eskubideen urraketa guztiak jaso eta sailkatuko ditu zientzia elkarteak datozen bi urteetan.

Zizurkilgo Udalak giza eskubideekiko duen konpromisoan sakontzeko urrats berri bat emango du Aranzadi zientzia elkartearekin hitzarmena sinatuta. 36ko gerraren testuinguruan izandakoak, frankismoaren urteetan gertatutakoak eta gaur egunera arteko giza eskubideen urraketa guztiak jasoko ditu ikerlan batean. 2023ko martxora bitartean garatuko da azterketa eta Iker Urruzola alkateak esan du urrats garrantzitsua izango dela, "giza eskubideen urraketa larrienak azalera atera eta zauriak sendatzen hasteko".

Urruzolak 2011. urtetik hona udalak bultzatu dituen ekimenak zerrendatu ditu eta nabarmendu du EH Bilduren udal gobernua saiatu dela gainerako talde politikoak lanketa horretan bidelagun izan daitezen. 2011ko azaroan Hernandorena kultur elkarteak 36ko altxamenduaren ondoren fusilatu eta hildakoak gogoratzeko egindako ekitaldian parte hartu zuen udalak, eta urte batzuk beranduago, 2014ko otsailean, osoko bilkuran aitortza ofiziala egin zion Julian Galartza zizurkildarrari, ETAk erail zueneko urteurrenean. Alkateak gogora ekarri du Torturaren egia, itzaletik argira jardunaldia, 2014an udalak antolatutakoa, non Paco Etxeberriak, Iñaki Egañak eta Pili Zabalak hartu zuten parte. Jardunaldiak amaitzeko, Joxe Arregiren omenezko oroitarria jarri zuen udalak bere izena daraman plazan, torturaren salaketa egiteko.

Orain arte egindako ekitaldien segidan, azpimarra berezia jarri du Urruzolak 2018ko martxoan egindako ekitaldian. Hernandorena kultur elkarteak Gernikako haritzaren kimu bat landatu zuen Pello Mari Otaño plazan eta frankismoaren, ETAren, zein estatu indarkeriaren biktimak gonbidatu zituen landaketara. "Irekitako zauriak nolabait leuntzen hasteko bidea izan zen", gogoratu du alkateak eta orduko hartan udalak esan zituen hitzak gogoratu ditu. "Ohartzen gara sufrimenduaren tamainako erantzunik ez dugula eman sarritan. Ez dugu alderaketarik egin nahi, ez dugu ekidistantziatik hitz egin nahi, indarkeria bakoitzak izan ditu bere ezaugarriak, baina udal bezala argi utzi nahi dugu guztiak aitortzen zaituztegula. Guztiok duzuela egia eta justiziarako eskubidea. Zizurkilgo Udala ondoan duzue eta izango duzue etorkizunean ere".

Azken hamarkadetako indarkeria politikoarekin lotuta Zizurkilen gertatu denaren "argazki osoa" egin nahi du orain udalak eta horretarako, giza eskubideen urraketak eta sufrimenduak ezagutzeko bidea emango duen ikerlana egingo du, Aranzadi zientzia elkartearekin lankidetzan. Aurretik Hernandorena kultur elkarteak egindako lanketa  izango da ikerlanaren abiapuntua. Aukera baliatu du alkateak Hernandorenakoek urte guztiotan egin duten lana eskertzeko. Hitzarmen sinatze ekitaldian izan da Julian Arrastoa kultur elkarteko kidea ere.

Aranzadi zientzia elkarteak bi urte pasatxoko lanketa egingo du sinatutako hitzarmenari esker, eta alkateak azpimarratu du, udal talde guztien adostasunarekin gauzatuko dela ekimena, EH Bildurekin batera, EAJ eta PSE-EE udal taldeek ere babesten baitute lankidetza hitzarmena.

Artxibo lana eta testigantzak

Zizurkilen egingo duen lanketarako hemeroteka aztertuko du Aranzadi zientzia elkarteak, artxiboko lana egingo du eta giza eskubideak urratu zaizkien herritarren testigantzak jasoko ditu. Javi Buces, zientzia elkarteko kideak aurretik lan asko eginda dagoela aitortu du eta esan du eurak ez direla, beraz, hutsetik abiatuko. "Gu hemen gaude, batez ere  laguntzeko eta aurrera beste pauso bat emateko". Hernandorena elkarteak, udalak berak eta Aranzadik egindako lanetako batzuk ekarri ditu gogora Bucesek, besteak beste, Saseta Defentsa Sistema aztertuz, azkeneko urteetan lubakiak berreskuratzen zientzia elkarteak egin dituenak.

Dagoeneko eginda dauden ikerketan sakonduko du Aranzadik eta giza eskubideen urraketa guztiak sailkatuko ditu, Bucesen esanetan, "biktima bakoitzak bere frogaren elementuak izan ditzan". Horretarako arakatuko dute artxiboetan, bai militarretan, estatu mailakoetan, elizako artxiboetan eta herrikoan bertan. "Historialari lana egingo dugu", esan du Aranzadiko kideek.

Ez dute 36ko gerra edo frankismora mugatuko ikerketa, oroimen historikoarekin batera, gertuko oroimena ere berreskuratzen saiatuko dira eta horretarako urraketa horiek jasan dituztenen testigantzak jasoko dituzte. "Dena ez dago artxiboetan, errepresio mota asko egon da eta urraketa mota asko. Askotan froga bakarra biktimaren edo haien gertukoen testigantza izaten da. Beraz, proiektua ondo atera dadin ezinbestekoa da zizurkildarrek ekimenean parte hartzea. Zuen laguntza behar dugu, bai ala bai".

2023ko martxoan emango dute amaitutzat ikerketa. Aranzadi zientzia elkarteak orduan egingo ditu publiko emaitzak eta argitara emango ditu ikertutakoak. "Orduan jakinaraziko dugu noraino iritsi garen, ikerketa hor itxi behar den edo ikertzen jarraitu beharko dugun", esan du Bucesek.

Oroimen historikoa eta gertuko oroimena berreskuratzeko lana abiatu dute Zizurkilen eta Aranzadi zientzia elkartearekin Zizurkilgo Udalak sinatu duen lankidetza hitzarmenak hori garatzeko oinarriak finkatu ditu.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!