Gabonetako azoka eta jostailuen truke azoka egingo dute larunbatean

Tolosaldeko Ataria 2021ko abe. 6a, 11:06

Zizurkilgo Joxe Arregi plazan egingo dituzte bi azokak, 10:00etatik 14:00etara.

Abenduaren 11n Gabonetako azoka berezia egingo dute Joxe Arregi plazako estalpean 10:00etatik 14:00etara. Herriko eta bailarako artisau eta ekoizleen postuak ezagutzeko aukera izango dute bertaratutakoek, eta baita, bide batez, eguberrietako erosketak bertan egitekoa ere.

Truke azoka

Gabonetako azokaz gain, jostailuen truke azoka ere egingo dute Joxe Arregi plazan bertan, larunbatean, 10:00etatik 14:00etara. Bizi ditugun garaiak eta etxeetan pilatzen diren jostailuak kontuan hartuta antolatu du udalak jostailuen trukerako azoka. "Bakoitzak armairuan gordeta dituen jostailuak beste etxe batean jostailu berriak izan daitezke", esan dute udal arduradunek.

Horretarako oinarri batzuk jarri dituzte. Ezaugarri eta adin guztietako haurrentzat jostailu, joko eta ipuinak izango dira azokara eraman beharrekoak. Egoera ona izan beharko dute, jostailuek osorik egon beharko dute, puskatu gabe, eta mekanismoak dauzkaten jostailuek funtzionatu egin beharko dute. Indarkeria eta sexu desberdintasuna sustatzen duten jostailuak ez dituzte onartu. Jostailuak garbi eta desinfektatuta eraman beharko dira. Jostailu edo jokoren bat eramaten duenak, beste bat hartzeko eskubidea izango du, eramango jostailuaren truke txartel bat jasoko du eta txar horrekin beste jostailu bat hartzeko eskubidea izango du. Haur bakoitzak gehienez hiru jostailu, joko edo ipuin eraman ditzake eta beste hainbeste jostailu, joko edo ipuin hartu. Haur batek baino gehiagok jostailu berdina hartu nahi badu, interesatuen artean zozketa egingo da.

Truke azoka honetan ez da dirurik onartuko eta trukearen bidez egingo dira egin beharreko aldaketa guztiak. Jostailuak Zizurkilgo udal bulego eta liburutegian utzi beharko dira, abenduaren 9an eta 10ean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!