Plazida Otaño zenaren bi bertso eta irudi bakar bat iritsi dira gaurdaino. Oihana Iguaranek eta Maria Altunak ahotsa eta irudia jarri nahi izan diote Zizurkilgo bertsolariari Plazida, oihartzunaren plaza ipuin ilustratuarekin. «Bertsolari etxe batean sortu zen, baina emakume sortu zen. Garai hartan horrek esan nahi zuen guztiari forma ematen ahalegindu gara lan honetan», esan du Iguaranek.
Jende ezagunari bertsotan erantzuteagatik iritsi zaizkigu Plazida Otañoren bertsoak, baina erantzunetik harago, bere tokia egin nahi izan diotela esan du idazle eta bertsolari amasarrak: «Indusketa lan bat izan da neurri batean. Oso gutxi baita guganaino iritsi dena. Ez informaziorik, ez bertsorik, ez bere nortasunaren izpirik ere. Ezinbestean behar zuen fikzionatua ipuinean agertzen den Plazidak. Pertsonaia erreal baten bizitza fikziora eramateak errespetu handia ematen du, baina gozamena izan da niretzat idazketa prozesuan haren lekuan jartzea, bere zapatak eta bere kapa janztea».
Alboan bidelagun aparta izan duela aipatu du Iguaranek, Maria Altuna ilustratzaile zizurkildarra. Berak osatu ditu ipuinean ageri diren irudiak eta hutsetik abiatu behar izan duela aipatu du Altunak ere: «Plazidaren irudi bakarra ezagutzen dugu, hortaz, dena zegoen asmatzeko. Erronka handia izan da adin ezberdinetan eta une ezberdinetan Plazida irudikatzea. Oihanak testua ondu ahala elkarlanean aritu gara erabakiak hartzen. Pixkana kolore paleta bat finkatzen joan gara, testurak zaintzen, hutsuneek nola arnasa hartu behar zuten erabakitzen.... Emaitzarekin oso pozik nago eta espero dut zizurkildarrek ere gozatu ahal izatea».
Altunak ipuinerako sortu dituen irudietan oinarrituta erakusketa egongo da zabalik Plazida Otaño liburutegiko sarreran datorren larunbatera arte. Orduan egingo dute herriko haurrek liburuaren irakurketa publikoa, 11:30ean hasita. Segidan, Plazida Otañoren eskultura bistaratuko dute, egunotan herriko ikastetxe bakoitzak eskolan eskulturaren zati bat landu baitu. Ikastetxe bakoitzak bere ekarpena eginda, eskultura osatua geratuko da larunbatean.
1.000 ALE ARGITARA
Azken urteetan, Plazida Otañoren memoria osatzea izan du helburu Zizurkilgo Udalak. Iker Urruzola alkateak nabarmendu du bertsolari zizurkildarraren izana ikusarazteko jarri ziotela Aiztondoko liburutegiari Plazida Otaño izena 2016an. Orain asmo berdinarekin argitaratu dute ipuin ilustratua, «belaunaldi berriek jakin dezaten zein zen Plazida eta nolakoa zen garai hartako Zizurkil».
Plazida, oihartzunaren plaza liburuaren 1.000 ale argitaratu ditu udalak eta datorren astetik aurrera, interesa azaltzen duten herriko familiei ale bana emango zaie. Horretarako liburutegira gerturatu beharko dute, eta lehen 200 aleak eskuratzen dituztenek, bi egileek sinatutako ilustrazio bat jasoko dute opari. Gainerakoan, 10 euroan erosi ahal izango da liburua Plazida Otaño liburutegian, Villabonako Basajaun liburu-dendan, Subijana etxean eta Durangoko Azokan Bertsozale elkartearen postuan.