Finaleko azken postuarekin konformatu behar izan du Jon Irazuk

Tolosaldeko Ataria 2021ko aza. 22a, 09:59
Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko sari banaketa.

Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finala jokatu zen atzo, eta zizurkildarrak seigarren postua egin zuen. Iker Vicente izan zen irabazlea gizonezkoetan, eta Karmele Gisasola emakumezkoetan.

Iker Vicentek bigarren aldiz irabazi du Sherpa.ai Txapelketa Nagusia. Buruan kokatu zen lehiaketa osoan zehar eta, azkenean, enborretik enborrerako tartea irabazten joan zen bigarren egin zuen Mikel Larrañagarekiko. Txanda bakarrean, sei finalistek hamabi enbor (54 ontzako lau , 60 ontzako lau eta 72 ontzako lau) ebaki behar izan zituzten.
Iazko lehiaketako palmareseko lehen hiru postuak errepikatu dira. Ekitaldia jai giro ederrean ospatu zen, eta ia 3.000 pertsona izan ziren Bilbao Arena aretoan.

Hauek dira aizkolariek lortutako denborak:

  • Iker Vicente                            39.37
  • Mikel Larrañaga                    41.57
  • Eneko Otaño                          43.14
  • Aitzol Atutxa                          44.32
  • Julen Alberdi Txikia IV.a    45.53
  • Jon Irazu                                 54.15

Emakumezkoen finala

Lehen aldiz egin da emakumezkoen finala, eta hiru aizkolari sailkatu ziren txapela lortzeko: Karmele Gisasola (Zelai III.a), Maika Ariztegi eta Uxue Ansorregi. Ezarritako lana 4 enborretakoa izan zen: 36 ontzako bi eta 45 ontzako beste bi. Karmele Gisasola garaile argia izan zen, arerioei abantaila handia aterata.

Hauek dira aizkolariek egindako denborak:

  • Karmele Gisasola Zelai III.a   11.48
  • Uxue Ansorregi                         13.02
  • Maika Ariztegi                           15.25

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!