Jokin Eizmendik jantzi du txapela

Ataria 2021eko azaroaren 20a

Harri Handien Gipuzkoako Txapelketa egon da jokoan gaur Zizurkilen, eta Eizmendik nagusitasunez irabazi du. Iñigo Eizagirre izan da bigarren, Jon Unanue hirugarren eta Aimar Galarraga laugarren.

Aimar Irigoien azaltzekoa zen txapelketara, baina belaun bat ez zuen guztiz ondo, eta ez parte hartzea erabaki du. Horrek faborito nagusi Eizmendi bihurtzen zuen, eta harri bakoitzarekin erakusten joan da zergatia. Azkenean Eizmendik 5.725 kilo jaso ditu. Lehia estua izan da bigarren posturako, eta kubikoan eta bolan egindako lanarengatik Eizagirrek eskuratu du. Bolarekin egindako saioa izan da gakoa, 11.ena altxatu eta Unanueri pasa egin diolako. Eizagirrek 4.225 kilo jaso ditu eta Unanuek 4.150. Galarraga ez da fin aritu kubikoarekin, baliogabeko bi altxaldi egin dituelako, eta azkenean 3.725 kilo jaso ditu guztira. Pello Argaia herritarrak erakustaldia eman zuen lasto altxatzearekin, txapelketa hasi aurretik zein bukatu ondoren.

Pozik zegoen Eizmendi, txapela janztea lortu duelako. "Pixka bat urduri jarri naiz, baina etxean egindako lana egin dugu, eta gustura nago horregatik", esan du harri-jasotzaile zarauztarrak. "Pena izan da Irigoienek ezin izan duela azaldu, baina txapelketa polita izan da". Abenduaren 18an egingo da Harri Handien Euskal Herriko Txapelketa, Asteasun, eta horretarako prestatzen jarraituko duela gaineratu du Eizmendik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!