«Ilusio handiarekin» ariko da Irazu finalean

Ataria 2021eko azaroaren 18a

Jon Irazu, lehen planoan, Amabirjinaren egunean egindako saioan, zizurkilgo Intxaur frontoian.

Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren finala jokatuko da igande honetan, 12:00etan hasita, Bilbao Arenan.

Aizkolari onenen final nagusian lehiatzeko txartela lortu zuen Jon Irazu zizurkildarrak, eta, beraz, igande honetan Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren finalean izango da, 12:00etatik aurrera, Bilbao Arenan. «Ez nuen espero sailkatzea», esan du Irazuk. «Inoiz baino gutxiago entrenatuta nengoen eta ez da urte ona izan niretzat. Baina fresko hasi nintzen kanporaketan, eta azkenean finalerako sailkatzea lortu nuen».

Bere buruari finalean egotea ez ziola exijitu eta hori izan zela azkenean txartela lortzeko gakoetako bat azaldu du zizurkildarrak: «Presiorik gabe joan nintzen, eta horrek plus bat eman zidan. Orain finalean lanak bikoitzak dira eta horrek sufrimendu bikoitza suposatzen du». Finalaren garrantzia nabarmendu du Irazuk: «Urteko hitzordu garrantzitsuena izaten da aizkolarientzako eta ilusio handiarekin joango naiz, nahiz eta asko sufrituko dudan eta ez dakidan zer maila emango dudan».

Prestaketarena ere mundu bat dela gaineratu du: «Urte guztian prestatzen aritu zaitezke eta gero gertatu daiteke eguna iristerakoan gauzak nahi bezala ez ateratzea. Eta, bestalde, presiorik gabe joan, gutxiago prestatuta eta freskoago, eta gorputzak erantzutea». Bestalde, kanporaketako erreferentziek finalerako ez dutela balioko esan du Irazuk: «Lana bikoitza da eta denak elkarren aurka ariko gara».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!