Zizurkilen ehizan ari zen gizonezko bat hil da

Ataria 2021eko azaroaren 4a

Zizurkilgo uxaldi batean parte hartzen ari zen ehiztari bat hil da gaur, konortea galdu ostean. Lurraren orografia dela eta, Ertzaintzaren helikoptero batek gorpua Tolosara eraman du.

Segurtasun sailak azaldu duenez 16:00ak inguruan pertsona batek Sos Deiak 112 Larrialdi Zerbitzura deitu du Zizurkilgo uxaldi batean parte hartzen ari zirela ehiztarietako bat konorterik gabe zegoela esanaz. Adierazi duenez, Zarateko mendi inguruan zeuden.

Polizia, suhiltzaileak eta osasun-langileak bertaratu dira, eta, azkenean, gizonezkoaren heriotza baieztatu dute. Sarbide zaileko lekua denez, Ertzaintzaren helikoptero batek, Zaintza eta Erreskate Unitateko agenteekin batera, ehiztariaren gorpua Tolosako Usabal futbol-zelaira eraman du. Bertan, Udaltzaingoaren patruila bat eta hileta-ibilgailu bat zeuden zain. Azken hori arduratu da Auzitegiko Patologia Zerbitzura eramateaz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!