Blues Gaua berreskuratuko dute larunbatean Zizurkilen

Ataria 2021ko aza. 3a, 11:58

Azaroaren 6an, Joxe Arregi plazan egingo dute festa; Nico Wyane Toussaint eta The Allnighters taldeak gonbidatu dituzte aurten

Zizurkilgo kultur egitarauko hitzordu klasikoa izaten da Blues Gaua. Zenbait saiakera egin arren, pandemiak ez du blues kontzertuak antolatzeko aukerarik eman azken bi urteetan. Aurtengo maiatzean egin zen azken saiakera ere, bertan behera utzi behar izan zuten udal ordezkariek COVID-19 kasuen gorakadagatik.

Larunbatean, azaroaren 6an, blues gosea asetzeko aukera izango da, 19:00etan hasita, Joxe Arregi plazan. «Maila bikaineko musikarien doinuez gozatu ahal izango dugu», aipatu dute udal ordezkariek.

Alde batetik, Nico Wayne Toussaint ariko da Zizurkilen. 2012an munduko aho-soinu jotzaile onenaren saria eskuratu zuen musikariak, Iker Piris konpositore eta gitarra jotzailearekin eta The Electra taldearekin emango du kontzertua Blues Gauaren egitarauaren barruan.

Beste alde batetik, The Allnighters zazpikotearen rhythm and blues melodiak entzuteko aukera izango dute jaialdira gerturatutakoek. «Indar handiko talde honek maila handiko musikariekin jo izan du azken urteetan, milaka kilometro eginez munduko hainbat txokotan zehar», aipatu dute Zizurkilgo kultura saileko arduradunek.

Joxe Arregi plazan prestatuko duten oholtzan ariko dira musikariak larunbatean 19:00etan hasita. Zizurkilgo Udaleko Kultura sailak antolatu du Blues Gaua, Atxulondo, Egarri eta Pasus tabernekin lankidetzan.

BLUES GAUA

Azaroak 6, larunbata

19:00. Joxe Arregi plazako oholtzan ariko da Nico Wayne Toussaint, Iker Piris eta The Electra taldearekin batera.

Segidan, The Allnighters zazpikotearen rhythm and blues doinuez gozatzeko aukera izango da bigarren kontzertuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!