Azoka berreskuratu dute Zizurkilen

Leyre Carrasco 2021ko urr. 10a, 13:58

Pandemiak eragindako geldialdiaren ostean, Herrigunea berriro nekazaritza eta artisautza postuez bete da.

Zizurkileko XXIII. Azoka Berezia bueltan da, eta gaur ospatu dute Herrigunean. 35 postu elkartu dira guztira, eta lau guneetan banatu dira. Zimiterioan bost postu egongo dira eta tartean izan dira San Millan eskolakoak. Hauen asmoa azokan lortutako etekinak El Salvadorreko Segundo Montes komunitateko El Barrial eskolara bideratzea izan da.

Pello Mari Otaño plazan eta Teodoro Hernandorena kalean jarri dira janari postuak eta plazan bertan, taloak dastatzeko aukera ere eskaini dute goiz guztian zehar. Baserriko produktuak nagusi, baina bertan izan dira ere Zizurkilen bertan ekoitzitako sagardo berria edota eskualdeko Iparrabeer artisau garagardoa.

Tabernatik tabernara ibiltzeko ohitura badu ere, oraingoan azokan murgildu da Iparrabeer garagardoa. Pandemia garaian, duela urte eta erdi inguru Borja de la Iglesia irurarra eta Iñaki Aranburu eta Iñaki Murillo ibartarrek abiatu zuten proiektua da, hain zuzen. "Orain hasi gara azoka munduan sartzen eta jendea gehiago ezagutzen. Tabernetan nahiz eta nahikoa zabaldu izana, oraindik ez digute guk nahi adina ezagutzen. Aitzaki horrekin animatu gara, eta hemen beste publiko mota bat aurkitu dugu", azaldu du hirukoteak.

Intxaur frontoia artisauen babesleku izan da. Egur-lanak, bitxiak eta arropak izan dira, besteak beste, frontoiko gaurko protagonistak. Goiz guztian zehar, gainera, burdin lanak egiten dituzten artisauen jarduna bertatik bertara ikusteko aukera egon da. Baina ez da zuzenean ikusi den jarduna bakarra izan, postu ezberdinetako artisauek ere tarte txiki bat izan baitute euren lanak aurreratzeko.

Horren adibide izan da zeramika tailerreko irakaslea den Rosa Etxabe, urriaren 26rako duen eskaera aurreratu baitu gaur goizean Zizurkilen. Olentzero eta Mari Domingi pertsonaiak egin ditu zeramikarekin, hain zuzen. Lehen aldia izan da bere lana Durangotik Zizurkilera ekarri duena, eta oso pozik eta gustura dagoela adierazi du "halako herri txiki bateko azokan parte hartu eta bultzatzeagatik".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!