Aurten goizez egingo dute azoka

Tolosaldeko Ataria 2021ko urr. 1a, 17:59

Zizurkilen urriaren 10ean egingo dute XXIII. Azoka Berezia. 35 postu izango dira eta udalak doako autobus zerbitzua jarriko du Herrigunera igotzeko.

Iazko geldialdiaren ondoren, urriaren 10ean egingo dute Zizurkilgo XXIII. Azoka Berezia. Goizez egingo da aurtengo edizioa eta postuak 10:30etik 14:30era egongo dira zabalik. Herriguneko lau tokitan jarriko dira postuak eta bertara gerturatzeko doako autobus zerbitzua jarriko du udalak.

Nahiz eta egoera ez den normaltasun osora bueltatu, azoka berreskuratzeko moduan izango direla esan du Maite Amenabar Zizurkilgo alkateordeak eta nabarmendu du azkeneko urteetan azokak indarra eta izena hartu dituela, jende asko erakarri ohi duela. 35 postu jarriko dituzte aurten eta parte hartuko duten baserritar eta artisauek gonbita "pozik" hartu dutela aipatu du.

Lau gunetan jarriko dituzte postuak. Pello Mari Otaño plazan eta Teodoro Hernandorena kalean jarriko dira jakien postuak eta plazan bertan, taloak dastatzeko aukera izango da goizean zehar. Barazkiak, gazta, eztia, ogia... izango dira eta Zizurkilen bertan ekoitzitako sagardo berria ezagutzeko aukera izango da. Herriko zazpi ekoizlek jarriko dute postua eta horrekin "pozik" agertu da Ainhoa Larrea udaleko kultura teknikaria. Inguruko herrietarakoak ere izango dira presente, hala nola, Adunakoak, Amezketakoak eta Alkizakoak.

Zimiterioan, adibidez, bost postu egongo dira eta tartean izango dira San Millan eskolakoak. Hauek, El Salvadorreko Segundo Montes komunitateko El Barrial eskolara bideratu ohi dituzte azokatik lortutako etekinak. Intxaur frontoia izango da artisauen babesleku. Egur-lanak, bitxiak eta arropak izango dira, besteak beste. Goiz guztian zehar, gainera, burdin lanak egiten dituen artisau baten jarduna bertatik bertara ikusteko aukera izango da.

Artisauak gonbidatzeko geroz eta zailtasun handiagoak dituztela nabarmendu du kultura teknikariak. Pixkanaka ofizioak galtzen ari direla esan du, eta aurten, esate baterako, beira landuko duen artisaua Logroñotik ekarriko dutela adierazi du eta Madrilera jo behar izan dutela hargin baten bila. Tradizionalak diren ofizioak berreskuratu eta jendeari erakusteko Zurjole elkartea egiten ari den lanaz aritu da Larrea eta haiei esker aulkigintzan, erremonteko sestoak egiten edota saskigintzan aritzen diren artisauak gonbidatu ahal izan dituzte Zizurkilera. Dinagu emakume sortzaileen kolektibokoak ere izango dira azoka berezian eta herriko artisauek izango dute beren txokoa. Besteak beste, Juani Alkorta eta Luixi Goikoetxearen eskulan eta bitxiak, Dario Artetaren olio eta motxilak eta Patxi Otegiren eskulturak izango dira ikusgai.

Autobus zerbitzua doan

Zizurkilgo Herrigunera gerturatzeko doako autobus zerbitzua jarriko du udalak, "auto partikularraren erabilera ahalik eta txikiena izan dadin". Goiz osoan zehar joan-etorrian ibiliko dira autobusak, 10:30etik 15:00 arte. Elbarrenan Bulandegiko bideko biribilgunean eta Zubiaurretxon egingo dituzte geldialdiak. Dena den, autoz joateko asmoa dutenentzat bi aparkaleku nagusi prestatuko dituzte, Elizaren atzealdean bata eta Perot lantokian bestea.

Azoka Bereziaren aurretik, urriaren 8an, Bankoa Diario VAsco torneoko final hamaseirenak jokatuko dituzte Zizurkilen. 20:00etan hasita, promesen mailan, Tirado eta Sudupe, U. Amiano eta Pierolaren aurka ariko dira, eta nagusien mailan, Canabal eta M. Etxeberria, Nazabal eta Lazkozen aurka. Aurrez, 18:00etatik aurrera, Ziotza pilota eskolako pilotarien arteko partidak izango dira ikusgai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!