Txikienen poz erraldoia

Ataria 2021eko irailaren 25a

Zizurkilen erraldoi eta buruhandiak atera dituzte kalera urte eta erdi luzeko etenaren ostean. Joxe Arregi plazan eman dute goiza Maurizio, Bernarda, Joakina Galartza eta Pedro Mari Otaño erraldoiek eta sorgina, deabrua, txepetxa, melokotoia eta Atxulondoko azken matxinoa buruhandiek.

Herriko haurrek Zizurkilgo erraldoi eta buruhandien izenak eta itxura ez ahanzteko, kalera atera dituzte gaur goizean. Joxe Arregi plazan egon dira eta haiekin argazkiak atera ahal izan dituzte gaztetxoek. Ikasturte hasieran Zizurkilgo hiru ikastetxeetan zabaldu zuen konpartsak gaurko hitzordurako gonbita eta norberak egindako buruhandiarekin gerturatzeko gonbidapena ere luzatu zitzaien umeei.

Meloren asteburu kulturala igaro ondoren erabaki du konpartsak kalera ateratzea eta Iker Urruzola herriko alkate eta konpartsa kideak aipatu duenez, jendeak badu gogoa berriro ere erraldoiak eta buruhandiak mugimenduan ikusteko: "Gogo itzela daukagu. Denok daukagu egoera normalean bizitzeko beharra. Erraldoiak jaiaren erdigune izaten dira eta haur, gaztetxo eta guk geuk ere badugu barrenak askatzeko beharra, buruhandi eta erraldoiekin dantza eta jolas egiteko nahia".

Eguerdira arte egon dira erraldoi eta buruhandiak Joxe Arregi plazan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!