Festa Batzordeko kideek jakin bazekiten ituan joko zutela neurri horretako enkargua Lizarragatarrei eskainiz gero. Eta oraingoan ere ez dute hutsik egin. Beraz, ezer baino lehen, doazela eskerrik asko eta zorionak zuen bihotzetaraino iritsi nahi duten muxuen bidez. Lan bikaina, bikote!
Erronka zehatza zen: festetako maskotari zegokion izaera ematea. Hala, bete-betean asmatu dute Iraitz eta Izaro herritar eta, era berean, Festa Batzordeko kide ere baden lehengusu pareak. Nolako zura, halako ezpala.
Izan zizurkildar ala ez, oraindik ere ezagutzen ez baduzu, ez galdu aukera. Garaiz zabiltza eta eskura ezazu Festa Batzordeko edozein kiderengana hurbilduta PLI-PLA ipuin ilustratua. Bertan, MELOren izena eta izana modu dibertigarrian kontatu da. Gainera, aurrerantzean herrira etortzen diren bizilagun berriei harrera egiteko baliatuko da opari xume bezain polit hau. Izan ere, herriko izaeraren transmisioa zenbat eta erakargarriago egin, orduan eta berme gehiago. Eta zer ikusi hura ikasi!
Behe aldean, Festa Batzordea herriko kuadrilletako kideekin osatzen dugu. Herritarrok subjektu bagara, berma dezakegulako arduretatik eta arduraz etenik gabe eraldatzen ari den komunitatearen eraikuntza. Bide horretan, kuadrilla bakoitzak gustuko duen ikuskizun edo ekitaldiari ematen dio forma, eta hala oso arrunta da adin tarte eta izaera guztietako herritarren arteko nahas-mahasa.
Herritarrok subjektu bagara, berma dezakegulako arduretatik eta arduraz etenik gabe eraldatzen ari den komunitatearen eraikuntza
Esaterako, has gaitezke arratsaldean Joxe Arregi plazan oskola biltzen; segidan, patata tortilla lehiaketaren ondoko afarian jan-edanean jarraitu; eta, egun berriaren bistan, Bernardaren etxeko gosari legea egitera auzokide etorri-berriarekin, nahiz etxe bereko ama-alabak dultzainaren doinuz lepotik helduta atzera ere plazara elkarrekin heldu.
Festaren parte sentitzea da hiruzpalau egunez lagunartean gozatu bat hartzea, eta MELOren ibilbidearen kontaketa ere horren lekuko da.
Aurten ere gure asmoa izan da ohiko egun seinalatuetan, eta MELOdramatiko jarri gabe, MELOkotoizko zapi laranjak lepoan hartu eta uda hondarrari ilusio txinparta txiki bat jartzea.
Lortuko ahal genuen.