Zizurkilgo enpresa bati iruzurra egiteagatik bi lagun epaituko dituzte

Tolosaldeko Ataria 2021ko ira. 15a, 14:35

8 urte eta 10 hilabeteko kartzela-zigorra eskatu dute akusatuetako batentzat, eta bestearentzat urtebete eta 3 hilabetekoa, dokumentuak faltsutzeagatik, bidegabeko jabetzeagatik eta sozietate-delituagatik.

Bi pertsona epaituko dituzte laster Donostian, enpresa pantaila baten bidez 650.000 euro baino gehiagoko iruzurra egitea egotzita. Fiskaltzak 8 urte eta 10 hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du akusatuetako batentzat, eta urtebete eta 3 hilabeteko espetxe-zigorra, berriz, bestearentzat.

Ministerio Publikoaren akusazio idazkiaren arabera, 2010ean, beste hiru bazkiderekin batera, Zizurkilen egoitza duen makina eta eraikinetan instalazio, konponketa eta muntaia elektrikoak egiten dituen enpresa bat sortu zuen auzipetu nagusiak. Enpresa horretan auzipetutako beste laguna kontratatu zuen. Fiskalaren arabera, biek enpresa bat erosi zuten, eta Zizurkilgo helbide berera lekualdatu zuten egoitza soziala; bertan, jarduerarik eta langilerik eduki gabe, egiten ez ziren lanengatik faktura "faltsuak eta asmatuak" egin zituzten, eta iruzurra jasan duen enpresari kargatzen zizkioten. Faktura horiek 257.650 euroko balioa zuten.

Gainera, Gipuzkoako Ogasunarekin "kontuak koadratzeko", hiru urtean 257.650 euroko erosketen kontzeptua jaso zuten. Bestalde, iruzur egindako enpresaren kontura 24.000 euro kargatu zituzten abokatu baten aholkularitzagatik, enpresa fantasma horren hartzekodunen konkurtsoan.

Guztira, 657.396 euroko iruzurra egin dute. Hori dela eta, 8 urte eta 10 hilabeteko espetxe-zigorra eskatu dute honako delitu hauengatik akusatu nagusiarentzat: dokumentu ofizial eta merkataritzakoak faltsutzea, bidegabeko jabetza delitu jarraitu bat eta sozietate-delitu bat, eta 15 hilabeteko espetxe-zigorra eskatzen dute bigarren auzipetuarentzat. Aipatutako kopuruari aringarria aplikatuko zaio, dagoeneko akusatuak 277.000 euro itzuli baitizkio kaltetutako enpresari. Dena den, 380.000 euroko kalte-ordain solidarioa ere eskatu dute iruzurra jasan duen enpresarentzat.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!