Zizurkilgo argazki eta marrazki lehiaketak baditu irabazleak

Leyre Carrasco 2021eko irailaren 11

Maider Zunzunegiren argazkia, eta Iraia Arribilaga, Amets Zaldua, Gari Zabalo eta Lur Unanueren marrazkiak izan dira aurtengo garaile.

Meloren asteburu kulturalaren baitan antolatu dute, beste urte batez, marrazki eta argazki lehiaketa Zizurkilen. Goizean goiz, parte hartzaile guztien argazkiek eta marrazkiek apain dute Joxe Arregi plaza, eta asko izan dira erakusketa ikustera gerturatu diren herritarrak. 13:00etan ekin diote sari banaketari.

Marrazki lehiaketari dagokionez, HH3. mailatik HH5. mailara bitarteko ikasleen artean Iraia Arribilaga izan da irabazlea; LH1etik LH2. mailara bitartean Amets Zalduak jaso du saria; LH3tik LH4. mailan Gari Zabalok irabazi du; eta LH5etik LH6ra Lur Unanuek.

Argazki lehiaketari dagokionez, bigarrengoz irabazi du Maider Zunzunegi zizurkildarrak. Bere seme-alaben eta biloben laguntzarekin, Zizurkil goiko bidean atera zuen argazkia Zunzunegik. Herriko argazki lehiaketan parte hartzeko ohiturarekin jarraituz, aurten ere bere lana aurkeztea erabaki eta kasualitatez iritsi zaion bigarren garaipena dela adierazi du irabazleak: "Poza eman dit saria bigarrengoz irabaztea, eta honek argazkiak ateratzen jarraitzea animatzen nau".

PROGRAMA

Gaur, larunbata

16:30. Bingo musikatua, Joxe Arregi plazan.

19:00. Gazte kaleko antzerki-dantza ikuskizuna (Hika teatroa eta Oinkari dantza taldea), Pedro Maria Otaño ikastetxean.

 

Irailak 12, igandea

12:45. Bukalai dantza taldearen emanaldia, Joxe Arregi plazan.

17:30. Tonbola ikuskizuna (Hika teatroa), Pedro Maria Otaño ikastetxean.

19:30. Ez da kasualitatea bertso-saio musikatua, Joxe Arregi plazan.

21:00. Bokata afaria, Joxe Arregi plazan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!