Joseba Otaegik lehian jarraitzen du

Tolosaldeko Ataria 2021ko ira. 5a, 21:37

Hurrengo kanporaketan lehiatuko diren kirolariak –Kepa Peñagarikano falta da–. Argazkia: Ihintza Elustondo

Euskal Pentatloi Sariaren lehen kanporaketa jokatu zuten atzo Azpeitiko zezen plazan, eta kirolari zizurkildarrak egin zuen denborarik onena, bigarren kanporaketan aritzeko txartela eskuratuz.

Euskal Pentatloi Sariaren laugarren edizioari ekin zioten atzo Azpeitiko zezen plazan. Hain zuzen, txapelketa horren lehen kanporaketa jokatu zuten zortzi kirolarik. Iazko edizioan zortzigarren postutik atzera gelditu zirenak eta aurten izena eman duten berriak lehiatu dira: Beñat Amade, Ousmane Drame, Daniel España, Aritz Irazabal, Unai Ardeo, Jon Unanue Goenatxo III.a, Gorka Etxeberria eta Joseba Otaegi zizurkildarra. Zortzikote horretatik lau denbora onenak egin zituztenek lortu zuten bigarren kanporaketan aritzeko txartela; Irazabalek, Etxeberriak, Amadek eta Otaegik egin zuten aurrera, zehazki. Azken honek lortu zuen denborarik onena (11:31:07) egitea, gainera. Eta, beraz, txapelketatik kanpo gelditu ziren gainontzeko lau lehiakideak.

Aurrera egitea lortu duten lau kirolariek datorren larunbatean, hilaren 11n, zain izango dituzte Gabirondo, Peñagarikano, Errazkin, Kañamares, Izeta VI.a, Jagoba Otaegi, Mugertza eta Zelai V.a. Bigarren kanporaketan lehiatuko diren hamabi kirolariek hilaren 25eko finaleko sei postuak izango dituzte jokoan.

Hurrengo kanporaketarako sarrerak salgai daude dagoeneko; interesatuek Tolosako Kantabriko tabernan edota Azpeitiko Mendizabal erretegian eskura ditzakete.

Bigarren kanporaketako proba

Bigarren kanporaketan, giza proban, txingekin eta korrika lehen kanporaketako lan berberak izango dituzte kirolariek, baina harria hamar aldiz altxatu beharko dute, eta aizkoran bi enbor moztu, kanaerdikoa bata eta 45 ontzakoa bestea. Finalera iristen direnek izango dituzte aurrean lanik gogorrenak: harria 25 aldiz jaso beharko dute, giza proban bi plaza osatu, aizkoran hiru kanaerdiko ebaki, txingekin sei plaza osatu, eta korrika plazari 30 itzuli eman. Finalaren egunean emakumeak ere izango dira lehian; haiek harria hamabost aldiz jaso beharko dute, giza proban plaza bat bete, aizkoran 45 ontzako bi enbor moztu, txingekin lau plaza egin, eta korrika plazari hamabost itzuli eman.

Lehen kanporaketako denborak

1. Joseba Otaegi. 11:31:07.

2. Aritz Irazabal. 11:54:03.

3. Gorka Etxeberria. 13:10:80.

4. Beñat Amade. 13:18:87.

5. Jon Unanue. 13:51:14.

6. Ousmane Drame. 16:23:39.

7. Daniel España. 17:04:74.

8. Unai Ardeo. 19:21:11.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!