11:00etatik hasita, La Unica iruindarrek, Hernaniko errugbi taldeak, Biarritz Olimpique eta aurtengo Euskadiko ligako txapeldunek, Bera Berak, indarrak neurtuko dituzte. Denek denen aurka jokatuko dute, 25 minutuko partidetan. Bera Bera taldean Ihintza Alkorta asteasuarrak jokatzen du. Ikusleak sartu egin ahalko dira, baina plaza mugatuak izango dira.
Emakumezkoen errugbia osasun betean dagoela ikusaraztea da helburuetako bat, hala nola, kirolariek urrian hasiko den txapelketara begira ere erritmoa har dezatela. Epaile lanetan Igotz Gallastegi ezaguna egongo da, emakumezkoen zein gizonezkoen ohorezko mailako epailea.
Hirugarren denbora ere ezin falta errugbi partida batean, eta COVID-19 protokolo guztiak zainduz, txapelketaren ondoren jokalarientzako paella jatea izango da herriko plazan, Jai Batzordeko kideen eskutik.
2018an jokatu zen topaketaren lehen edizioa. Jai Batzordetik eta Danena elkartetik, Aiztondo bailarara bizitzera etorri zen Bera Berako kide batekin jarri ziren harremanetan, herriko festen atarian emakumea eta errugbia batzen zituen jaialdi bat antolatzeko interesarekin.
Danena kirol elkarteak instalazio guztiak eskaini zituen, Jai Batzordeak lan egiteko grina eta udalak segituan eman zuen baiezkoa. Bera Bera errugbi taldeari errugbia ezagutzera emateko aukera paregabea iruditu zitzaion.
Iaz, COVID-19a zela eta ezin izan zen jokatu, baina aurten berreskuratu egin dute topaketa. Parte hartzaileek agendan gorriz daukaten topaketetako bat da, partiden mailagatik eta arnasten den giro jatorrarengatik.