Trafiko seinalizazioa berritzeko lanetan ari dira

Ataria 2021eko abuztuaren 30a

Herriko trafiko seinalizazioaren inguruko txostena landu du Zizurkilgo Udaltzainburuak azken hilabeteotan.

Udaltzainburuak herrian sumatzen dituen beharrak bildu ditu txosten batean eta egun hauetan behar horiei erantzuna emateko lanak egiten ari dira.

Besteak beste, pintura zaharkituta zuten zebrabideak txukunduko dituzte, oinezkoen segurtasuna zaintzeko. Abuztuaren 23an hasi zituzten lan horiek eta epe laburrean amaituko dituzte. Zebrabide berria ere margotuko dute Erniobidea kalean, konpost gunearen parean.

Horrez gain, Zizurkilgo hiru ikastetxeen aurrealdean seinalizazio berezia jarriko da. "Kartel handiak jarriko dira hiru ikastetxeen inguruan, ibilgailuetako gidariek arreta berezia jar dezaten", azaldu du Udaltzainburuak.

Muñoa kalean autoen abiadura murrizteko koskak jarriko dira zoladuran. Auzo horretan abiadura handian ibiltzen dira zenbait ibilgailu, eta arazoari irtenbidea eman nahi zaio.

Fraisoro aldera igotzeko aldapan, tren geltokiaren pareko aparkalekuaren inguruan, marra berriak margotuko dituzte zoruan. Aparkalekura sartu nahi duten ibilgailuek pasabidea utzi beharko diete Fraisorotik behera datozen ibilgailuei.

Azken Portu inguruan berriz, kamioiei sarbidea debekatzeko seinalizazioa jarriko dute. "GPSak handik sartzeko jarraibideak ematen dizkie askotan, eta Azken Portuko errotonda txikian trabatuta geratzen dira kamioiak. Hori saihesteko, seinalizazio berria jarriko da gune horretan".

Lan horiek eginez, trafiko beharrei erantzuna ematen ari da Zizurkilgo Udala.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!