Argazki lehiaketa abiatu dute Zizurkilen

Tolosaldeko Ataria 2021ko abu. 29a, 16:15

Irailaren 8a baino lehen bidali beharko dira argazkiak, eta saria irailaren 11ean eguerdiko 13:00etan Joxe Arregi plazan izango den ekitaldian banatuko da.

Argazki lehiaketa martxan da Zizurkilen, eta hain zuzen, horixe bera izango da gai nagusia: Zizurkil herria. Lehiaketan parte hartzea irekia izango da; argazkilaritzan profesional edo zale izan. Parte hartzaile bakoitzak bost argazki aurkez ditzake, gaur egungoak edo antzinakoak. Hala ere, ezingo dira aukeztu aurretik saririk jaso dutenak edota komunikabide zein publizitate kanpainaren batean argitaratu direnak.

Teknika librean atera daitezke argazki guztiak, koloretan zein zuri-beltzean. Edizio digitala onartuko da, baina manipulazioa eta irudiko elemenduak gehitu edo ezabatzea ez. Gainera, ezingo dute egilearen sinadurarik eraman.

Argazkiak bidaletzeko azken eguna irailaren 8a, asteazkena, izango da, eta inprimakian edo zizurkil@live.com helbidera bidali beharko dira; izena, abizenak, NAN zenbakia, udalherria, mugikor zenbakia, e-posta, argazkia eta haren deskribapena azalduz. Izan ere, ergazki bakoitzak izenburua eduki beharko du, baita deskribapen labur bat ere.

Parte hartzean baldintza hauen guztien onarpena adierazten da. Hortaz, arauak betetzen dituzten lanak, marrazki lehiaketako lanekin batera jarriko dira Zizurkilgo liburutegian egingo den erakusketan.

Sari banaketa

Saria irailaren 11ean eguerdiko 13:00ean Zizurkilgo Joxe Arregi plazan izango den ekitaldian banatuko da, jendaurrean. Irabazleari aurrez abisatuko zaio sari banaketa gerturatu dadin.

Arri Studioan (Tolosa) egiteko argazki saio bat izango da saria. Sario indibiduala, lagun arte edo familian egin ahal izango dena. 15 argazki digital entregatuko dira kalitate altuan, egurrezko kaxa batean doan USB batean.

Epaimahaia argazkigintzan profesionalak diren herriko eta bailako kideak osatuko dute, eta euren erabakia eztabaidaezina izango da.

Zizurkilgo Festa Batzordeak argazkiak erabiltzeko eskubide osoa izango duela jakinarazi du, eta azken orduko edozein aldaketa izanez gero, hartu beharreko uneko neurria Festa Batzordeak erabakiko duela gehitu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!