Herri kirolen hitzordua

Ataria 2021ko abu. 15a, 14:49

Amabirjinaren egunean ohi denez, Zizurkilen herri kirol saioa izan da gaur. Batetik, aizkolariak aritu dira, tartean herriko Jon Irazu eta Joseba Otaegi, eta Udane Ostolaza harri-jasotzaileak erakustaldia eman du.

Joseba Otaegik bikotea osatu du Eneko Saralegirekin, eta Jon Irazu eta bere bikotekide izan den Txomin Amondaraini gailendu zaizkie. Joseba Otaegirekin berez Unai Otaegi anaiak aritu behar zuen, baina gaur Euskal Herriko hirugarren mailako txapelketa du, eta ez du herriko saioan parte hartu. Otaegik eta Saralegik bikote ona osatu dute, eta abiadurazkoak ziren lehen bi probetan irabazi ostean, iraupenezkoan ere garaipena lortu dute. Azken hau oso parekatua izan da, eta gutxigatik irabazi dute.

Ez bada ere txapelketa ofizial bat izan, edozein lehia irabaztea gustatzen zaiela azaldu dute bi aizkolari zizurkildarrek. "Lehia polit bat ikusi da eta guri irabaztea gustatzen zaigu", esan du Otaegik. "Galtzea ez zaio inori gustatzen", gaineratu du Irazuk. Bukaerako proban bikoteak parekatuta zaudela erakutsi dela esan du Otaegik: "Parean aritu gara, eta azkenean gure aldera erori da, baina lehia estua izan da". Irazuk besteak gehiago izan direla aitortu du: "Proba guztietan gehiago izan dira. Adarrek-eta zerbait baldintzatuko zuten, baina ez dago aitzakiarik. Gu saiatu gara atzetik harrapatzen, eta une batzuetan hortxe izan gara, baina azkenean meritu guztiarekin irabazi dute". Herrian saioa egitea gustukoa dute biek. "Ni aurreko urtean ez nintzen egon, baina urteroko hitzordua izaten da, eta urte asko daramatzagu parte hartzen. Gainera, herritarrak jende eskertuak dira eta gustuko plaza da", esan du Otaegik. Herriko plaza "berezia" izaten dela azaldu du Irazuk: "Herritarren aurrean aritzeak, maila ona emanez, beste ilusio bat sortzen du".

Hamasei urte betetzear dagoen Udane Ostolaza, bere aldetik, hiru harrirekin aritu da lanean. 50 kiloko zilindroarekin eta 42 kiloko kubikoarekin bi minutuko txandak egin ditu, eta 45 kiloko bolarekin agurra egin du, bola gainean eramanez frontoiaren alde batetik bestera, eta publikoa agurtuz. Txalo zaparra jaso dute herri kirolariek Intxaur frontoian elkartu diren zaleen partetik.

Arratsaldean, bertso saioa

Kultur Asteburua egiten ari dira Zizurkilen, antolatu ez diren festen ordez. Hori horrela, gaur, 19:00etan, bertso jaialdia izango da Intxaur frontoian. Maialen Lujanbio, Unai Mendizabal, Amaia Agirre, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Amets Arzallus bertsolariak ariko dira. Gai jartzen, Igotz Alkorta izango da. Ikusle kopuruarekiko jarritako mugengatik, gonbidapenak beharko dira bertso jaialdirako. Geratzen diren gonbidapenak Plaza Etxeberri jatetxean daude eskuragai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!